Ondarroako Eguzki talde ekologistaren ekimenez Mutrikuko Saturraran hondartzako dunak garbituko dituzte
zapatuan [apirilak 14] auzolanean. Garbiketa lanetan lagundu nahi dutenek hitzordua jarrita dute: 17:00etan batuko dira Saturrarango egurrezko zubiaren parean. Talde ekologistako kideek aurreratu dutenez, gainera, dunak garbitzeko antolatu duten lehen ekimena izango da zapatukoa.
Salatu dutenez, hondarrezko dunak
plastikoz beteta daude, eta zikinkeria pilatzen hasi dela ikusirik, garbitzea erabaki dute. “Aurreko astean gure taldeko kide bat Saturraranera hurreratu zen, eta tokia nahikoa zikina ikusi zuenez, auzolanean garbitzea erabaki dugu. Dunek ekosistema berezia gordetzen dute, eta horiek birsortzen laguntzeko gure aldetik ere zerbait egin beharra dagoela iruditu zaigu”.
Saturrarango dunak
Ekimenagaz, gainera, jendea
kutsaduraren inguruan kontzientziatu nahi dute. “Hondartzan edo inguruetan jaurtitzen diren plastikoek, azkenean, itsasoan amaitzen dute. Urtero tona piloa pilatzen da itsasoan, eta azkenean horrek jaten dugunean ere eragin zuzena du. Arrainen urdailetan, esaterako, gero eta plastiko gehiago aurkitzen dira”.
Ekosistema ingeresgarria. Ekimenari dagokionez, Eguzkikoek eurek jarriko dute garbiketa egiteko beharrezko materiala. “Poltsak eta eskularruak guk eramango ditugu, eta bertaratzen direnei guk banatuko diegu materiala. Ez da beste ezer ekarri beharko, gogoa baizik”.
Eguzkikoen iritziz dunak oso toki interesgarriak dira, ekosistema oso berezia dutelako. “Horrek landareak bakarrik hortxe sortu daitezke, eta naturarentzako balio handia dute”. Azken urteotan hondarrezko dunak berreskuratzeko plan bat ipini dute Mutrikuko hondartzan, eta horri esker, babestutako tokia sortzea lortu da berriro ere. “Gure kostaldean dunak desagertuta egon dira. XX. mendearen erdialdean asko desagertu egin ziren turismo masiboaren eraginez, eta horiek orain pixkanaka berreskuratzen ari dira. Egia esan, orain gutxi arte ez diote behar bezalako baliorik eman”.