Aulestiko Urzabal Guraso Elkarteak antolatuta, Motrollora mendi irteera egingo dute domekan
09:30ean Herriko plazan elkartuta abiatuko dira goiz pasa mendian egitera. Hamahiru kilometroko mendi ibilaldia egingo dute. Plazatik irten, eta Urriolatik pasatuta, Muxoraino helduko dira lehendabizi. Ondoren, handik Motrollorako bidea hartuko dute.
Etxera buelta, ostera, Urriolara zuzenean jaitsita egingo dutela jakitera eman dute Urzabal Guraso Elkartearen ordezkariek.
Hiru irteera. Aspaldiko ohitura berreskuratu du aurten elkarteak. Izan ere, orain dela urte batzuk mendi irteerak antolatzen zituzten guraso elkartetik, eta aurten ikasturteko azken hiruhilekoan hiru irteera egitea erabaki dute. Hain zuzen, domekakoa izango da lehen irteera. Ondoren, maiatzean Illunzarrera joango dira, eta ekainean Urregaraira joango dira.