Maiatzaren 6ra arte, Paris (Frantzia), Bali (Indonesia), Florentzia, eta Erroma (Italia), Egipto, Bilboko itsasadarra zein Errioxako lautadak miresteko aukera egongo da besteak beste, Markina-Xemeinen.
Ricardo Ruiz de Gopegi Rivera sestaotarrak akuarela teknikarekin margotutako 55 lanez osatutako erakusketa zabaldu du. Tamaina ezberdinetako 36 artelanekin jantzi ditu Uhagon kulturguneko hormak, eta beste 19 koadro jarri ditu ikusgai udaletxeko harreran. Herrialde ezberdinetako landa, itsasertz eta hirietako paisaiak dira. Uhagonen ikusgai daudenen artean
Markina-Xemeingo sei ere badaude.
Ricardo Ruiz de Gopegi Rivera Markina-Xemeingo udaletxeko harreran.
Akuarelaren transparentzia, argitasun eta edertasunagaz gauza gutxi parekatu daitezkela dio bere kasa ikasi duen artistak. 17 urtegaz hasi zen olioak margotzen, eta soldaduzka eginda urte askotan geldirik egon ondoren, 2003an berrekin zion margotzeari. 2013ra arte ez zen hasi akuarela teknikagaz. Lagun baten bidez hurbildu zen gaur egun, teknika kutunena duen akuarelara. Eskola batzuk eman zituen, eta akuarelaren xarmak harrapatuta gelditu zen.
‘Plaza de San Marcos’ koadroa. Egilea: Ricardo Ruiz de Gopegi Rivera
Oleoaren aldean, akuarelak zehaztasun handia eskatzen duela azaltzen du Ruiz de Gopegik. «Oleoan, akatsa eginez gero, gainetik margotu eta akatsa estali egiten da. Akuarelan ez». Gainera, ura nahi duen lekura joaten dela dio. «Ideia bat izan dezakezu, baina ez dakizu nola amaituko den, ez dakizu urak nora eramango zaituen». Hala ere, teknika horrek koadroari ematen dion bat-batekotasuna eta freskotasuna atsegin ditu. «Lana hasi eta bukatu egiten da, saio bakarrean».
‘Nostalgia en Montmartre’ koadroa. Egilea: Ricardo Ruiz de Gopegi Rivera
Bere lanak jendaurrean azaltzea gehiegi gustatzen ez zaiola aitortu duen arren, Markina-Xemeingoa Sestaoko artistaren
bigarren erakusketa izango da; Frantziako Eauze herrian azaldu zituen bere lanak jendaurrean lehenengoz, beste pintore eta eskultore batzuekin batera. Markina-Xemeinera azken urteetan sortutako lanak ekarri ditu, 2016 eta 2018 urteen artean egindakoak, eta
Emozioak izena ezarri dio erakusketari, azaldu duenez, artelanek
sentipen ezberdinak eragiten dizkiote-eta ikusten dituenari.