Euskarazko sormen gosea asetzen
Apirilaren 2tik 7ra egin dituzte XIII. Artedrama Topaketak. Zazpi antzerki emanaldi eskaini dituzte, eta hamasei ikaslek parte hartu dute tailerretan. Arte eszenikoen plaza arrakastatsua izan da beste behin.Euskarazko antzerkigintzaren urteroko plaza d...
Apirilaren 2tik 7ra egin dituzte XIII. Artedrama Topaketak. Zazpi antzerki emanaldi eskaini dituzte, eta hamasei ikaslek parte hartu dute tailerretan. Arte eszenikoen plaza arrakastatsua izan da beste behin.
Euskarazko antzerkigintzaren urteroko plaza da Artedrama Topaketa, eta hamahirugarren urtez arte eszenikoen sortzailez eta horiez gozatzeko irrikaz zeudenen topaleku bihurtu da Aulesti Pazko astean.Mota desberdinetako antzezlanak eskaini dituzte oraingo honetan ere. Besteren artean, Zazpi senideko, Agur eta dolore, Adarretatik zintzilik-en azken emanaldia edota Markina-Xemeingo Abarka antzerki taldearen Besaulkiak lanak euskarazko antzerkigintzaren gosez zeuden ikusleak asetzea lortu dute.
Emanaldi denek jendearen «nahiak» bete dituztela dio Ander Lipus Artedramako kideak. Jendea oso gogotsu eta gustura atera da emanaldietatik. Nahiz eta ildo eta estetika desberdinetan aritu, antzerki pieza oso ezberdinak izan, ikusleengana heltzea lortu dute. «Orokortasun batean, jendeari asko iritsi zaizkio ikusi dituen piezak».
Artedramako kideak oso pozik daude, hamahirugarren topaketa oso ondo joan delako zentzu guztietan: «Jada motorrak jarrita ditugu hamalaugarrena prestatzeko». Ideia batzuk badituztela-eta, hamalaugarrena oraindik ere hobea eta ederragoa izatea espero dutela gaineratu du markina-xemeindarrak.
Aberatsa eta emankorra
Beste behin, topaketa oso aberasgarria izan dela nabarmendu du. Amateurgintzatik edo herri antzerkitik datozen ikasleek zein sortzaileek eta profesional mailan ikasketa sakonak egin eta oso prestatuta, oso jantziak daudenek bat egiten dute urtero-urtero Aulestin. «Jende berria ikusten duzu, jende freskoa, antzerki gosez dabilena. Euskal antzerkigintzara, euskaraz sortzera hurbildu nahi dutenak dira. Bai ikasleontzat eta bai formakuntzan ari garenontzat interesgarria da. Askotan tailerretan parte hartu izan duten ikasle asko gero gugaz egon izan dira eszenatoki gainean. Dinamikak sortzen ditu; bat-batean elkar ezagutu, eta harreman oso interesgarriak sortzen dira».
Adibidez, Arabako, Iparraldeko eta Nafarroako aktoreak egon dira aurten, eta horrek ere euskarazko antzerkigintzaren, arte eszenikoen esparrua aberasten duela argi dute Artedramakoek: «Guretzat balio handia dauka Euskal Herriko txoko desberdinetatik jendea etortzeak antzerkiaren inguruan gogoeta egiteko eta aritzeko».
Tailerretan hamasei ikasle izan dituzte, eta leku gehiago izateko Lea Espazioan eman dituzte. «Ireki zutenetik oso eskuzabalik azaldu dira beti. Aurten bertan egoteko pausoa eman dugu, eta guretzat lan egiteko oso espazio erakargarria da, oso ondo atondua dagoena, eta mesede egin digu».
Lehen eguna, Pazko astelehena izanda, jende asko hurbiltzen da, bai eta asteburuan ere. Esaterako, azken urteotan udaletxeko ganbara txiki geratu zaie, batez ere lehen egunean. «Astelehena jai eguna denez, goiko ganbara txiki geratzen zaigu, jendea zutik egon zen, eta ikusi behar dugu aurrera begira zer egin. Frontoira eramateak badauka bere xarma, baina hotz egiten du, eta aste osoan emanaldiak frontoian egitea ez dakit egokia den, piezek daukaten formatuagatik». Zentzu horretan, topaketak modu onean bada ere, «pixka bat gainezka» egin diela dio. Beraz, gogoetarako unea dute orain. Irtenbideak ondo aztertu, eta datorren urterako konponbidea bilatu nahi dute.
600 bat biztanleko herri batean 300 pertsona antzerkia ikusten egotea gauza ederra dela azpimarratu, eta horrek zer pentsatu ematen duela dio. «Ez dugu nahi herriz aldatu; uste dugu Aulestik berak izugarrizko ahalegina egiten duela gu hor egoteko, eta herria bera erreferente bilakatu da».
Gauza batzuetarako aurrekontua handitzea beharrezko dela uste dute, baina horretarako, ezinbestekoa dute erakundeen laguntza; eta batez ere, horien laguntza handiagoa lortu nahi dute. Aulestiko Udalaren laguntza eskertu du Lipusek: «Izugarrizko ahalegina egiten du. Diru laguntzak ematen ditu jaialdirako eta antzerki formakuntza eta laborategiarentzat».