Lekeitioko Tximista Atletismo taldeko
txiki eta kadete mailako neskek Espainiako Atletismo Txapelketaren finalean parte hartuko dute asteburuan. Finala Valentziako (Herrialde Katalanak) Luis Puig belodromoan lehiatuko da zapatu [apirilak 14] arratsaldean eta domeka [apirilak 15] goizean.
Tximistako arduradunek nabarmendu dutenez, Espainiako txapelketaren finalean bi talde sailkatzea lortu dute,
bigarren urtez jarraian. “Guztira, maila bakoitzeko zazpi talde bakarrik sailkatzen dira, eta zazpi onenen artean sartzea lortu dute gure neskek. Lekeitiotik esperientzia berri hau bizi, eta beste taldeetako jendea ezagutu eta bakoitza bere marka hobetzeko helburuarekin joango gara”.
Lekeitioko Tximista Atletismo Taldeko neskak, Basaurin. Argazkia: Tximista
Gaineratu dutenez, kadete taldeko neskak finalerako sailkatzeko
bigarren puntuazio altuena lortu dute. “Basaurin egindako sailkapen proban lehiaketa ezin hobea egin zuten neskek. Euren marka asko hobetu zuten, Valentziara joateko txartela lortuz”.
Parte hartzaileei dagokienez, honako atletek parte hartuko dute finalean: 2005ean jaiotako Maialen Caceres, Leire Alonso, Naia Garetxana eta Nora Zatika eta 2003-2004an jaiotako Aiora Gojenola, Alaine Imaz, June Markes, Nora Agirre eta Olatz Sustaeta. Tximistako arduradunek aurreratu dutenez, atleta bakoitzak hiru proba eta erreleboa egin beharko ditu. “Bi jardunaldien ostean portuka puntuazio altuena lortu duena izango da lehenengo postua lortuko duena”.