Itzuliaren etapetan herritarren parte hartzea nabarmendu dute
Aurreko astean Itzulia Basque Countryren 2. etaparen helmuga eta 3. etaparen irteera Bermeon izan ziren, eta balorazio «oso positiboa» egin du Irune Ormaetxea Kirol eta Turismo zinegotziak: «Euskal Herriko Itzulian giro izugarria izan dugu Bermeon, ...
Apirilaren 2ko Zarautz eta Bermeo arteko etapan, Eutsi gogor Danok batera proiektuari laguntzeko kilometro solidarioak egiteko aukera egon zen Caja Rural-Seguros RGA taldearen Lamerako gunean. Herritar asko aritu ziren pedalkadaka gaixotasun arraroak dituzten umeei eta euren familiei babesa erakusteko eta laguntzeko. Ormaetxeak parte hartu zutenei eta Caja Rural-Seguros RGA taldeari eskerrak eman dizkie.
Bi egunetan bisitari asko hurbildu zen herrira. Apirilaren 2an Matxitxako bidean egon zen helmuga, eta ingurua bete zuten zaleek. Era berean, biharamunean, Lameran izan zen lasterketaren hasieran une zirraragarria bizi izan zutela gogora ekarri du Ormaetxeak. Alkartasuna dantza taldeko kide batek aurreskua dantzatu ostean, Idurre Bideguren Bermeoko alkateak, Ormaetxeak eta Euskadi Txirrindularitza Antolakuntzaren Julian Eraso presidenteak moztu zuten zinta. Jarraian, Alde Zaharra zeharkatu zuten txirrindulariek, «ibilbide ikusgarria eginez».
Antolaketa lana
Kirol eta Turismo zinegotziak adierazi duenez, Itzuliko bi etapak herrian izateak antolakuntza lan handia suposatu du, segurtasun, zirkulazio eta hainbat zerbitzuren antolaketan «buru-belarri lanean» aritu ziren langileen inplikazioa txalotu eta eskertu du. «Herritarren jarrera onak ere lana asko erraztu du».
Bi etapetan lagundu duten babesle, elkarte eta erakunde guztiei eskerrak eman dizkie: «Ezinbestekoak izan dira Bermeok lehen mailako kirol ekintza hau hartzeko». Itzuliak Bermeon helmuga eta irteera izateak 72.600 euroko kostua eduki du. Horietatik 12.100 euro Bermeoko Udalak ordaindu ditu, eta gainontzekoa babesle izan diren Urremendi Landa Garapen Elkarteak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Eroskik, Camposek eta Construcciones Intxaustik jarri dute.