113 irudi eta argiztapen sistemak aurkitu dituzte Atxurran
Beste bi urtez azterketak egiten jarraituko dute Berriatuko koban. Apirilaren 29ra arte ikusgai egongo dira Atxurrako aurkikuntza batzuk, Arkeologi MuseoanBizkaiko Foru Aldundiak Diego Garate arkeologoagaz eta Berriatuko alkate Jon Arriolagaz batera au...
Beste bi urtez azterketak egiten jarraituko dute Berriatuko koban. Apirilaren 29ra arte ikusgai egongo dira Atxurrako aurkikuntza batzuk, Arkeologi Museoan
Bizkaiko Foru Aldundiak Diego Garate arkeologoagaz eta Berriatuko alkate Jon Arriolagaz batera aurkeztu ditu azken bi urtean Atxurra koban egindako ikerketa lanen emaitzak. Azaldu dutenez, 113 animalia irudi aurkitu dituzte; bisonteen eta zaldien irudiak dira gehienak, baina ahuntzak, uroak, oreinak eta beste animalia batzuk ere ageri dira. Silex materialagaz egindako piezak ere aurkitu dituzte, bai eta koba argiztatzeko erabilitako 500 ikatz hondakin ere. «Euskal Herrian irudi gehien dituen santutegi paleolitikoa da Atxurra».Atxurran apaindutako panelei lotutako froga arkeologikoak aztertu, erregistratu eta indusketaren ondorioz, gizarte paleolitikoen prozesu artistikoari buruzko informazio paregabea lortu dela azaldu du Lorea Bilbao Euskara eta Kultura diputatuak.
Silexagaz egindako piezak mikroskopikoagaz aztertu dituzte, eta artelanak sortzeko ze lanabes erabili zituzten jakin ahal izan da: lehengaiak nondik atera zituzten, lanabesak nola sortu zituzten eta horiek horman nola erabili zituzten jakin ahal izan da.
Argiztapenerako tresnak
Koban aurkitutako 500 ikatz hondakinak ere laborategian aztertu dituzte. «Kobazuloan sartzeko, artelanak egiteko eta horiek behatzeko artistek erabili zuten argiztapena zelakoa izan zen jakin da». Zaldien plataforman, esaterako, lau argiztapen gune aurkitu dira. Horretan, ipuruzko eta haritzezko errekuntza sutegiak aurkitu dira. Bisonteen aretoan, ostera, hareharrizko ertza duen eta erregaia jartzeko aldeetako bat hustuan duen lanpara mugikor bat aurkitu dute.
Bisonteen irudiak dauden gunean sakabanatuta zeuden ikatz hondakinak ere aurkitu dituzte. «Horrek adierazten du zurezko zuziak erabili zituztela mugitu ahal zen argiztapena edukitzeko»; koban bizi zirenek gutxienez hiru argiztapen sistema erabili zituztela ondorioztatu dute.
Oro har, Berriatuko Atxurra arte galeria eta artista lantegia legez deskribatu dute. «Paleolitoko azken obrak daude han, bai eta pertsonek kobazuloetara sartu eta horiek apaintzeko erabili behar izan zituzten lanabesak ere».
Orain arteko aurkikuntzen berri eman badute ere, Atxurra aztertzeko proiektua ez dela amaitu esan dute; 2020ra arte azterketak egiten jarraituko dute. «Beste bi urtez azaldutako puntuetan aurrera egin eta sakondu ahalko da. Horrez gain, santutegi paleolitikoaren apainketari lotutako kronologia zehatza ere ezarriko da, datazio erradiokarbonikoei esker».
Atxurrako hormetan grabatuak egiteko eta barrualdea argiztatzeko erabilitako tresnak ikusgai egongo dira Arkeologi Museoan, Museoa piezaz pieza programaren baitan: silex materialagaz egindako zulakaitz bat, bost xabla eta hareharrizko lanpara bat egongo dira ikusgai, apirilaren 29ra arte. Museoaren ordutegia: martitzenetik zapatura, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era, eta domeketan, 10:30etik 14:00etara.