Basurdeek garaipena lortu dute ligako etxeko azkenengo partiduan
Gernika RTk 36-34 irabazi dio UE Santboiana talde katalanari. Etxekoek lortutako sei entseguetatik lau Joaquin Palisak egin ditu. Asteburuan Ordizian lehiatuko dute ligako azken partiduaGernika RT 36-34 nagusitu zitzaion UE Santboianari, domeka eguerdi...
Gernika RTk 36-34 irabazi dio UE Santboiana talde katalanari. Etxekoek lortutako sei entseguetatik lau Joaquin Palisak egin ditu. Asteburuan Ordizian lehiatuko dute ligako azken partidua
Gernika RT 36-34 nagusitu zitzaion UE Santboianari, domeka eguerdian. Heineken Ligaren etxeko azken partidua izan zen, eta denboraldiko azken aurreko jardunaldiaren emaitzen ostean, basurdeek bi postu gora egin dute sailkapenean 8. daude. Asteburuan Ampo Ordizia REren kontra jokatuta agurtuko dute 2017-2018 denboraldia.Emaitzak erakusten duen legez, norgehiagoka «borrokatua» izan zen. Talde gernikarretik Joaquin Palisa izan zen partiduko protagonista. Izan ere, etxeko taldeak lortutako sei entseguetatik lau egin zituen. Joko aldetik berdintsu hasi ziren bi taldeak, baina talde katalanak arrisku gehiago sortu zuen hasierako minutuetan.
Hala ere, basurdeek egin zuten lehen entsegua. Federico Llanosek eta Palisak ondo elkar hartu zuten. Iker Olaetak ez zuen argentinarraren marka transformatu (5-0). Lehen kolpearen ostean, etxeko taldeak partiduaren kontrola hartu zuen, eta bi minutu beranduago, taldearen bigarrena egin zuten. Santiago Viañak lortu zuen bigarrena; Olaetak ez zuen transformatu.
10-0ko emaitzagaz, katalanek erantzun beharra zeukaten, eta entsegua eginez, aldea murriztu zuten markagailuan: 10-7. Baina bisitariei pozak ez zien asko iraun. Izan ere, marka lortu eta minutu gutxira, basurdeek hirugarrena egin zuten. Olaetak transformatuta, hamar puntuko aldeagaz jarri ziren berriro ere: 17-7.
Erasoan gogor
Etxeko taldeak erasoko jokaldiekin jarraitu zuen, eta horrela iritsi zen euren laugarren marka. Ibai Amillategi, Viaña eta Palisa basurdeen elkarlanari esker lortu zuten, eta Olaetak transformatu zuen. Markagailuko hamazazpi puntuko aldeak (24-7) min handia egin zion Santboianari, eta lehen zatia amaitu aurretik, aldea murrizteko ahaleginetan aritu ziren katanalak. Aldageletara joan baino minutu gutxi batzuk arinago, bigarren entsegua egin zuten.
24-14ko emaitzagaz ekin zioten bigarren zatiari. Etxeko jokalariak indartsu eta gogotsu zelairatu ziren, lehen zatian egindako lan bikaina errepikatzeko asmoagaz. Hala ere, bigarren zatiko lehen marka talde katalanak egin zuen; bigarren zatia hasi eta minutu gutxiren buruan, bi entsegu egin zituen. Ondorioz, bi puntuko aldeagaz jarri ziren (24-22) markagailuan. Minutu latzak izan ziren etxekoentzat, baina Viañak jokaldia egin zuen; Facundo Epinali pasatu zion baloia, eta balio handia zeukan entsegua egin zuen azken horrek.
Ondorengo minutuetan parekotasun handia egon zen bi taldeen jokoan. Hala, etxekoei arnasa apur bat hartzeko balio izan zien entsegua egin zuen Palisak. Bisitariek, baina, beste entsegu bategaz erantzun zieten 70. minutuan. 36-29ko markagailuagaz ailegatu ziren azken minutuetara. Santboianak beste entsegu bat egin, eta berdinketa eskuratzeko aukera izan zuen. Etxeko jokalari zein zaleen zorionerako, Nil jokalari katanalak ez zuen transformatu.