Matxitxakoko batailako marinelak gogoan
Urtero legez, Matxitxako Elkarteak Matxitxakoko batailan borrokatu ziren itsas gudariak omendu ditu. Elkartearen sortzaile izan zen Juan Pardoren alargunari 'Bou Nabarra'-ren maketa oparitu diote aurten.Euskal Herriaren askatasunaren, bakearen eta demo...
Urtero legez, Matxitxako Elkarteak Matxitxakoko batailan borrokatu ziren itsas gudariak omendu ditu. Elkartearen sortzaile izan zen Juan Pardoren alargunari ‘Bou Nabarra’-ren maketa oparitu diote aurten.
Euskal Herriaren askatasunaren, bakearen eta demokraziaren alde borrokatu ziren itsas gudarien oroitzapen garra bizirik mantentzeko asmoz elkartu ziren domeka eguerdian, Nestor Basterretxearen Matxitxakoko guda eskulturaren parean.Matxitxako Elkarteak deituta, urtero legez, Matxitxakoko Batailan borrokatu ziren marinelak omendu zituzten. «Itsas guda hartan borrokatu ziren guztiak, eta batik bat askatasunaren borrokan ibili zirenak gogora ekarri gura ditugu, eta bihotz-bihotzez gure omenaldia eskaintzen diegu», adierazi zuen Xabier Olabeaga Matxitxako Elkartearen presidenteak.
Halaber, Nabarra ontzitik bizirik atera zirenak laguntzen aritu ziren Canarias gurutze ontziko ofizialak ere gogora ekarri zituen Olabeagak. Ofizial haiek bizirik irten, eta heriotzera kondenatuak izan zirenei indultua lortzen ahalegindu zirela zehaztu zuen.
Haien «jarrera eredugarria» azpimarratu zuten, eta memoria historikoa berreskuratzeko lanean diharduten erakunde zein pertsonei esker ona adierazi zien Matxitxako elkartearen presidenteak.
Eusko Jaurlaritzaren Defentsa Sailburuordetzak 1936ko urrian sortu zuen Euzko Itsas Gudarostea. Euskal kostaldea babestu, eta Errepublikar armadari itsas zirkulazioa eta arrantza jarduera mantentzen laguntzeko zereginean 900 boluntariotik gora aritu ziren.
Joaquin Egiak gudontzi bihurtu zituen babestuta zeuden arrantza ontzi asko, eta berun-gris kolorez margotu zituzten.
Domekako ekitaldian Bou Nabarra-ren maketa oparitu zioten Matxitxako Elkartearen sortzaile izan zen Juan Pardo ikerlari eta historialariaren alargunari. «Urteetako iluntasunaren ostean, haren lanari esker, askok ezagutu dugu orduan gertatutakoa».
Eredugintza Estatikoaren Bizkaiko Elkarteak egindako maketa da, eta elkartearen ordezkari den Andoni Alzolak hitza hartu zuen. «Pardok bere bizi osoan lan itzela egin zuen, eta Matxitxakoko Batailaren oroitzapen garra mantendu zuen».
Alargunak esan zuenez, bere senarrarentzat historia ikertzea «pasioa» izan zen, eta ikertutakoa ezagutara ematea ezinbestekoa zen beretzat.
Gudontzidi hartan askotariko jatorri eta ideologia zuten herritarrak elkartu zirela azaldu zuen Olabeagak: «Guztiak ere pertsonen duintasunaren eta askatasunaren eta demokraziaren alde borrokatu ziren; bakearen alde hiltzeko prest».
Heriotzaren, borrokaren, kartzelaratzeen edota erbesteratzearen aurrean mantendu zuten duintasuna nabarmendu zuten domeka eguerdiko ekitaldian.
Ordezkaritza zabala
Omenaldira bertaratutakoen artean egon zen, beste behin, orain dela 81 urte Bou Araba ontzian zegoen, eta Euzko Itsas Gudarostetik bizirik dagoen bakarra den Juan Azkarate, baita Idurre Bideguren Bermeoko alkatea, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua, Aintzane Ezenarro Gogora, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Eskubideen Institutuko zuzendaria eta Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria.