Azterketa parte hartu duten
edadetuen ekarpenari esker osatu ahal izan dutela azpimarratu du Mikel Ansotegi Lea Ibarrako Udal Makomunazgoaren presidenteak. Eskualde mailan zein udaletan euren beharrizanak aintzat hartzeko konpromisoa erakutsi dute mankomunazgoak eta berau osatzen duten bost udalek.
Euren
premiak, eskaerak eta egoera zein den ezagutzeko talde eragilea osatu dute bost herrietako ordezkariekin, eta herriz herri parte hartze taldeak eratu dituzte. “Eskualde txikia gara; bost udalerrien artean, 2.200 biztanle inguru gara. Nahiz eta gure desberdintasunak eduki, antzekotasun asko ditugu. Lehen ere gauza asko elkarregaz egindakoak gara, eta horrek ematen dio balioa eskualde honi. Orduan, denon artean diagnostiko hau egitea erabaki genuen”, azaldu du Udal Makomunazgoaren presidenteak. Aurrerantzean ere parte hartzen, iritzia ematen eta kexak eta beharrizanak esaten eta eskatzen segitzera animatu ditu.
Profesionalen taldea. Arritxu Zelaiak aholkulari, teknikari eta dinamizatzaile lanak egin ditu, eta proiektuaren “motorra” talde eragilea izan dela zehaztu du. Horregaz batera, gizarte langileekin eta zaintzaileekin osatutako zazpi profesionalen taldea ere izan dute.
“Edadetu gehien Aulestik ditu, eta gutxien Gizaburuagak; Aulestin 65 urtetik gorakoak %27 dira. Orain arte gauza asko egin dira edaduentzat, baina edadetuak kontuan hartu barik”. Hain zuzen, proiektu honen asmoa da edadetuek esaten dutena kontuan hartuta, ikustea
zer den hobetu beharrekoa, zer den ondo dagoena etab.
Eguenean Gizaburuagan egin zuten aurkezpena.
Zortzi alderdiri buruz berba egin dute: etxebizitza, eraikin eta aire zabaleko guneak, garraioa, begirunea eta gizarteratzea, gizartean parte hartzea, komunikazioa eta informazioa, lana eta herritarren parte hartzea eta gizarte zerbitzuak eta osasunekoak. 113 herritarrek parte hartu dute; edadeko guztiak kontuan hartuz gero, %23. Batez besteko adina 72 urte izan da, eta parte hartu duen zaharrenak 92 urte ditu. “Bete dituzten galdetegietan osasun egoera normala duela erantzun du gehiengoak, eta eguneroko jardueretarako mugarik ez daukala”.
Esaterako, etxebizitzari dagokion atalean aztertu dutenaren arabera, gehienak bikotekideagaz edota seme-alabekin bizi dira, eta etxebizitza jabegoan dute. Bestalde, parte hartze alorrari dagokionez, %69 elkarteren bateko kideak dira.
“Ekonomia atalean, Bizkaian batezbesteko errenta 1.131 eurokoa da, eta inkestetan jasotako datuen arabera, heren batek 400-700 euro artean jasotzen ditu, beste heren batek 700-1.200 euro artean, eta gainontzekoak 1.200 eurotik gorakoa”. Parte hartzaileen zein datu estatistikoetatik atera dituzte datuok.
Ansotegik orokorrean bost herrietan edadetuek ikusten dituzten arazoak aitatu ditu: “Nekazal eskualdea gara; behar asko egin, eta bizimodu gogorra izan duzue. Eta askotan ez kexatzeko kultura edo ohitura daukazue. Baina, kexatzeko eta eskatzeko arrazoiak daudenean, kexatu eta eskatu egin behar da, eta hori egiten jakin egin behar da”.
Herri eta eskualde segurua dela uste dute, eta aisialdirako guneak badituztela erantzun dute. Hala ere,
garraio publikoan hobetzeko asko dagoela argi daukate, eta eskualde mailako edo herriz herriko zerbitzua emateko “landa-taxia” jartzea proposatu dute. Era berean, Lekeitio, Gernika-Lumo edo Galdakaoko osasun zentroetara doazenean aparkatzeko arazoak dituztela diote.
“Bakardadea egon badagoela esan dute, baina askotan, ez bakarrik bizi izateagatik. Berba egiteko premia dutela diote, eta entzuteko inor ez”, dio Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoko presidenteak. Telebista antena eta telefono mugikorren estalduragaz arazoak daudela adierazi dute.
Arritxu Zelaia, Mikel Ansotegi eta Agurtzane Gogenola, aurkezpenean.
Gazteak errespetua galtzen ari direla ere esan dute, eta zaintzaileen zaintza azpimarratu, eta ospitaleetan edo egoitzetan daudenei laguntzea bultzatzea proposatu dute. Gizarte eta osasun zerbitzuei dagokionez, aurreko belaunaldietakoak baino hobeto zainduta daudenen sentsazioa dute, “profesionalak zainduta”. Etxe zaintzaileak topatzeko arazorik ez dutela diote, eta horiek askotan etxekotzat hartzen dituztela.
Guardiako farmazia hiru asterik behin Ean izaten dute, eta hori oztopo modura ikusten dute; askotan hara joan eta beharrezko dituzten medikamentuak ez dituzte izaten. “Anbulantziak GPS koordenadak izan arren galdu egiten direla, eta ondorioz, larrialdi egoeretan benetako arazoak edukitzen dituztela azaldu dute. Eta Galdakaoko ospitaletik errebilitazioatik datozen anbulantzien ibilbidean, askotan, azken eskualdea da gurea. Gainera, gertatu izan da mediku alta 13:00etan jaso, eta etxera 20:00etan heltzea”. Hobetzeko iradokizunetan,
farmazietan etxeko banaketa zerbitzua jartzea aitatu dute, eta 48 orduko dosiak medikuak zuzenean ematea.
“Ondorio nagusi moduan, herri guztietan esan dute oso gustura daudela, eta pozarren bizi direla. Kexak ez dira hainbeste izan; orokorrean, konforme zaudete edo behintzat ez duzue esan zegaz konforme ez zaudeten”, esan du Zelaiak. Parte hartze taldeetan
eroso eta gustura egon direla adierazi dute.
Herriz herri. Eskualdeko aurkezpen orokorraz gain, herri bakoitzean aurkezpen bana egingo dute. Hain zuzen, egunean Gizaburuagan egin zuten aurkezpen orokorrean, herriko diagnostikoaren datuak ere azaldu zituzten.
Astelehenean Mendexan eta atzo Munitibarren bildu ziren.
Gaur Amoroton elkartuko dira, 18:00etan, eta
barikuan Aulestin egingo dute azken saioa, 19:00etan.