Memoria berreskuratzeko garaiz
Presondegi ospitale militarrean hildako 274 presoak gogoratu dituzte, duela 87 urte II. Errepublika aldarrikatu zen egunaren bezperan. Ahanzturan ez jausteko beharra adierazi dute.Berandu izan arren, gaur inoiz baino gehiago, memoriarako garaiz gabiltz...
Presondegi ospitale militarrean hildako 274 presoak gogoratu dituzte, duela 87 urte II. Errepublika aldarrikatu zen egunaren bezperan. Ahanzturan ez jausteko beharra adierazi dute.
Berandu izan arren, gaur inoiz baino gehiago, memoriarako garaiz gabiltza. Ezagutzeko eta erreparatzeko memoria. Bizikidetzarako memoria. Errespetatzeko memoria. Ahanzturan ez jausteko memoria. Gertaera larri haiek berriro ez errepikatzeko memoria. Oraindik garaiz gaude». Piper Gorri Kultur Elkartean ordezkarien berbak dira horiek.Zapatuan 87 urte bete dira II. Errepublika aldarrikatu zutenetik, eta urtero legez, Gernikako presondegi ospitale militarrean hildako 274 presoak omendu dituzte. 1938tik 1940ra bitartean herria bonbardatu eta deuseztatu zutenek gaur egun Gernikako institutua dagoen lekuan jarri zuten aipatu presondegia.
Bariku iluntzean Zalloko hilerrian egin zuten ekitaldian, aipatu presondegi ospitale militarrean egon ziren errepublikarrak «belaunaldiz belaunaldi mantendu den isiltasunetik» atera gura dituztela adierazi zuten: «Gertaera penagarri hau ezin dugu ahaztu. Historiaren harian bere lekua eman behar diegu askatasunaren alde egin zutenei. Memoriari eutsi behar diogu».
Hain zuzen, ordukoa argitzeko ezinbestekoa izan zen Gernikazarra Historia Taldearen eta Aranzadi Zientzia Elkartearen ikerketa lana. Preso horiei buruzko datuak bildu zituzten, eta hildako preso errepublikarren zerrenda dago Zalloko hilerrian. Aurtengo omenaldian ere, banan-banan irakurri dituzte hildakoen izen-abizenak. «Erregistro liburuan haien datu guztiak agertzen dira: izen-abizenak, adina, ogibidea, heriotza data, jaioterria, gurasoen izenak, gaixotasuna eta egoera zibila».
600 gaixorentzako lekua zeukan presondegi ospitale militarrak, baina askoz gehiago izan zituzten bertan. Gehienbat, Asturias, Kantabria, Burgos eta Bilboko beste kartzeletatik ekarritako gaixo larriak izan ziren. «Bertako gelek hartu zitzaketen baino askoz ere gehiago egon ziren; gehienak gazteak ziren. Asko hiltzeko zorian zeuden, gaixotasun larriekin: tuberkulosia, tifusa, meningitisa, pleuresia, nefitrisa… Higiene eta zaintza faltak eragindako gaixotasunak izan zituzten». Besteren artean, soldadu errepublikar haiek buztingileak, nekazariak, errementariak edota zapataginak ziren. 36ko gerran horma hilobi edo nitxoetan hilobiratu zituzten. 1947an, Gernikako alkate frankistak horien gorpuak eta beste 82 gudarirenak hilobietatik ateratzeko agindua eman zuen. Baina Julian Lejarraga Zalloko hilerriko beharginak hilerriko beste leku batean lurperatu zituen haien gorpuzkiak.
Aranzadi
Gernikazarrako kide Jose Angel Etxaniz Txato-k gorpuzki horiek ustez dauden lekua zein den azaldu zuen barikuan. Aranzadiko teknikariak indusketa egiteko zain daude. «Ikerketa lanari esker, 1995. urtetik dakigu 274 preso horiek hemen daudela, bai eta frontean hildako beste 82 gudari aldamenean daudela. Frankismo garaian norbaitek beti uzten zien lore sorta bat; gogoan dut umetan hona etortzen ginenean, beti loreak egoten zirela».
Etxanizek esan zuenez, 274 preso errepublikarrak eta 82 gudariak dauden lursaila Euzko Alderdi Jeltzalearen Euzkadi Buru Batzarrak erosi zuen gudari gipuzkoarrak lurperatzeko.