Astelehenean hasiko dira Markina-Xemeingo Zelaibarriko lanak
Markina-Xemeingo Udalak jakitera eman duenez, Correos parean hasiko dira lanak egiten astelehenean [apirilak 23]. Beraz, astelehenetik aurrera ezingo da eremu horretan aparkatu; hesiz inguratuko dute. “Dena dela, egungo aparkalekuaren zati handi bat erabilgarri egongo da”. Halaber, lanak faseka egingo direla gogora arazi dute, eta 2019 urte hasierarako obrak eginda egotea aurreikusten dute.
Hain zuzen ere, astelehenean hasiko diren lanak lehen fasekoak izango dira. Fase horrek hiru hilabete iraungo dituela aurreratu dute. “Gauzak espero moduan badoaz, Karmen jaietarako lehen faseko lanak amaituta egotea espero dugu”. Horrela, gune hori jaietan barrakak egoteko erabilgarri egongo da. Bigarren faseko lanekin jaien ostean hasiko direla esan dute.