Ondarroako Tramana & Brix antzerki taldeko Garbiñe Aranbarri ondarrutarra Bizkaiko Antzerki Ikastegiaren baitan sortutako
Jauria antzezlanean ari da parte hartzen. Barakaldon bi saio eskaini eta gero, barikuan [apirilak 20] Durangoko San Agustin kulturgunean ariko dira, 20:00etan.
Ofizioz aktorea ez bada ere, antzerki zaletasuna txiki-txikitatik zainetan daramala aitortu du ondarrutarrak. «Lehen Hezkuntzako 3. mailan nengoela, inprobizazio txiki bat egin behar izan genuen, eta oso ondo pasatu nuen. Txinparta hor sortu zitzaidala esan liteke».
Zaletasunari jarraituz, urteak beranduago, Ana Elordi aktore ondarrutarragaz harremanetan jarri eta Trama & Brix antzerki taldean sartu zen. «Antzezteko gogoa beti eduki izan dut».
‘Jauria’-ko taldea. Goian, zutik, ezkerretik eskumara: Olatz Gorrotxategi (zuzendaria eta obraren egilea), Jon Blanco (aktorea), Aitor Arabiourrutia (aktorea), Maitane Zalduegi (koreografia zuzendaria) Arantza Incera (Barakaldo Antzokiko teknikoen zuzendaria); erdian: Sabina Peca (atrezzoa), Sonia Reoyo (aktorea), Usue Martinez (aktorea), Marina Lapuente (aktorea), Lorena Montenegro (jantzi arduraduna); behean, Garbiñe Aranbarri (aktorea) eta Aroa Blanco (aktorea). Argazkia: Miriam Prado Fotografia
Lanbideak bultzatuta han eta hemen ibili denean ere, antzerki ikastaroak egin izan dituela aitortu du; antzerki munduan formakuntza jasotzen aritu da.
Duela urte batzuk Barakaldon hasi zen lanean, eta gozatzeko zer edo zer egin nahi zuela pentsatuta, BAI eskolan hasi zen antzerkia ikasten.
Ikasketekin jarraituz, aurten, ikasturteko proiektu bat egin behar izan dutela dio. «Antzezlan bat sortzea izan da proiektua, eta hortik jaio da
Jauria obra».
Obrari buruz. Ordubete eta 45 minutuko iraupena duen obra dela dio, eta gustura ari dela. «Antzezlanak familia baten barruko harremanetan dauka oinarria, baina bizitzako edozein alorretara eraman ahal da. Bizitzan tokatzen zaizkigun rolen inguruko kontakizuna da. Izan ere, zer gertatzen da pertsona batek egokitutako rola ez badu betetzen?».
Barikuan Durangon aritu eta gero, beste hainbat emanaldi ere eskainiko dituztela aurreratu du. Hala, ekainaren 15ean Bilboko Pabellon 6 arte eszenikoen gunean ariko dira. Oraindik data gehiago zehaztu ez badituzte ere, beste herri batzuetan ere Jauria ikusteko aukera egongo dela esan du.
Antzezlana gaztelaniaz bada ere,
euskarazko bertsioa ere prestatzen ari direla dio. «Taldekide batzuk ez dira euskaldunak, eta hori beste erronka bat izango da».
Bien bitartean, Aranbarrik antzerki ikasketekin jarraituko du. «Hurrengo ikasturtean beste proiektu bat egin beharko dugu. Horretan beste obra bat sortu beharko dugu, baina laburragoa izango da».