Guernica Gernikara mugimendua berpiztu gura dute elkarteek
Guernica koadroa Gernikara gerturatzeari buruz aritu dira. Belaunaldi berriak eta herria nola «piztu» erabakitzeko bilduko dira; ideien bilduma egingo duteGernikako Bonbardaketaren 81. urteurreneko ekitaldien barruan, Guernica Gernikara 2018 ekimenar...
Guernica koadroa Gernikara gerturatzeari buruz aritu dira. Belaunaldi berriak eta herria nola «piztu» erabakitzeko bilduko dira; ideien bilduma egingo dute
Gernikako Bonbardaketaren 81. urteurreneko ekitaldien barruan, Guernica Gernikara 2018 ekimenari buruz hausnartzeko batu ziren herriko hainbat elkarte astelehen iluntzean, Gernika-Lumoko Elai-Alai aretoan.Urteko lehenengo topaketa horretan, Picassoren lana Gernika-Lumora hurbiltzeari buruz mintzatu ziren, eta beste bilera bat egitea erabaki zuten. Elkarte bakoitzak Guernica Gernikara aldarriagaz zer egin nahi duen azaldu, eta proposamenak egitera bideratutakoa izango da mai- atzean egitea espero duten bigarren batzarra. Asteleheneko bileran hausnarketa landu zuten legez, bigarrenean ideien bilduma egingo dute.
Memoria historikoaren lanketa egiten duten talde ezberdinak bildu ziren, eta azaldu zuten «denboran jarraipena» izan duen aldarria dela Guernica Gernikara ekimena.
Hala ere, esan zuten ez zutela nahi beste batzar soil bat izatea; «Jarraipena eman nahi diogu aldarriari. Badakigu zaila dela, baina indarra eman nahi diogu».
Bertaratutakoak 2018. urtean Picassok margoztutako lana Gernikara hurbiltzeak «merezi» duen edo ez eta Guernica-ren «funtsari» buruz aritu ziren. Gainera, koadroaren lanketa «gero eta teknikoagoa eta historia gutxiagokoa» dela salatu zuten.
Hainbat talde eta elkarte eragileetako kideak bildu ziren, eta bizipen eta kontakizunen leku bihurtu zuten Elai-Alai. Izan ere, bakoitzak bere hausnarketa egin zuen. Hala ere, guztiek diote Guernica koadroaren esanahia «balorean jarri» behar dela. «Koadroa eta herria binomioa dira; bata margolana, eta bestea memoriaren lekua», azaldu zuen kide batek. «Guernica munduko memoria da, ez soilik herriarena», aitortu zuen, Siriako gatazka aipatuz. Horren harira, koadroaren «lekualdaketa posiblearen» ideia plazaratu zuen bertan bildutako elkarteetako kide batek: «Koadroa gatazka dagoen herrialdeetan egon beharko litzateke denbora batez».
Gehienek, baina, koadroa herrian edo inguruetan eduki nahi zutela jakinarazi zuten: «Picassok Gernikan egon zedin margotu zuen, ez Madrilgo museo monarkikoan egoteko». Koadroak Madrilen ez duela sentimendurik eragiten esan zuten. Eta horren harira, Madril «kontsumoagaz» eta Gernika «memoriagaz» lotu zuten, «Espainiako hiriburuak dirua» helburu duela argudiatuz.
Sentimenduaren garrantzia azpimarratuz eta historiari erreparatuz, margolana hurbildu beharra ikusi zuten batzarrean. Horrela, margonala herrira ekartzeko publizitate kanpaina bat egiteko ideia ere plazaratu zuten; sentimenduak erabiliz osatutako bideo bat egitea, hain zuzen ere.
Herriaren garrantzia
«Bakoitzak bere arrazoia zein den pentsatu behar du», esan zuten Guernica Gernikara hurbiltzeko arrazoiei buruz hitz egin zutenean.
Hala ere, gero eta gutxiago entzuten den aldarria dela onartu zuten, eta horren aurrean, herria «piztu» behar zela azpimarratu zuten, herritarren indarra eta gogoari garrantzia emanez. «Herria suspertu, emozionatu egin behar da lehenengo, eta gero nora joan erabaki», adierazi zuen herritar batek. Horretarako, baina, beharrezkotzat jo zuten «lanketa sakona» egitea.
Bigarren batzarrean elkarteek «zer eta nola» landu nahi duten proposatzeaz eta koadroari eman nahi zaion balioaz hitz egiteaz gain, herritarrak nola «berpiztu» aztertuko dute. Izan ere, norbanakoek beraien «arrazoi propioak» edukitzea nahi dute.