Mutrikuko neska palistak elkarteak antolatutako eta Mutrikuko Udalak lagundutako Mutrikuko I. Nesken binakako pala txapelketa azkarra domekan [apirilak 22] jokatuko da Miruaitz frontoian. Eta antolatzaileek jakitera eman dutenez, hamabi bikotek eman dute izena txapelketan.
Estreinako txapelketan hamabi bikote batu izana pozgarria dela adierazi dute antolatzaileek. “Txapelketan antolatzen den lehendabiziko urtean hainbeste jende batzea
sekulako arrakasta dela deritzogu”. Jatorriari dagokionez, gainera, Mutrikuko palistez gain, beste hainbat tokitakoek parte hartuko dute txapelketan; Ondarroa, Deba, Azkoitia, Elgoibar edota Zizurkilgoak, esate baterako.
Mutrikuko Miruaitz frontoian jokatuko da txapelketa
10:30ean hasiko da txapelketa, baina aurretik, bikoteak osatzeko zozketa egingo da. “Bikoteak ez dira izena eman duten ordenan osatuko, egunaren hasieran egingo den zozketa bidez baino”.Eta zozketa egin ondoren, kinielak jokatu dituzte amerikar erara, seina bikoteko bi multzotan banatuta.
14:00ak arte jokatuko dira kanporaketak, eta antolatzaileek iragarri dutenez, bikoteek
amerikar erako launa kiniela jokatuko dituzte, hamabost tantora. “Horren arabera, sailkapen nagusi bat egingo da batetik hamabira. Multzo bakoitzetik hiru bikote zuzenean pasako dira final-laurdenetara, eta laugarren, bosgarren eta seigarren sailkatu direnek, berriz, bigarren aukera bat izango dute. Hortik beste bi bikotek lortuko dute hurrengo faserako txartela. Horrela, zortzi bikotek jokatuko dute final-laurdena”.
Sailkapen kinielak jokatu eta gero, frontoiko tabernan egingo den bazkaritan batuko dira parte hartzaile guztiak. 16:00etatik aurrera, berriz, bigarren aukera dutenen ligaxka, final-laurdenak, finalerdiak eta finala jokatuko dira.