Zubixaren aldeko bakarrizketa eta kontzertua egongo dira Mutrikun
Mutrikuko Zubixa Libre plataformak antolatuta, bakarrizketa eta kontzertua egongo dira zapatuan [apirilak 21] Zubixa herriko tabernan, “herriko tabernari bultzada emateko”. Gogorarazi dutenez zapatuko ekimenak doan izango dira.
Bakarrizketa 21:30ean izango da, Super Txope modura ezagunagoa den Nerea Arriolaren eskutik. “Arriola duela gutxi hasi da bakarrizketekin, eta Mutrikun bere lehen saioetako bat ikusteko aukera egongo da”.
Bakarrizketa amaitu ostean, bestalde, Ziking bikote mutrikuarraren kontzertua egongo da. 23:00etan hasiko da kantaldi akustikoa. “Orain gutxi hasi dira punk estiloko kontzertuak ematen, eta Zubixan nahikoa tokirik ez dagoenez, kontzertu akustikoa emango dutela esan digute. Hainbat talderen bertsioak jotzen dituzte, eta bikoteak akustikoan joko duen lehen aldia izango da”.
Dinamikako kideek nabarmendu dutenez, hileroko dinamikari helduko diote berriro, eta datorren hilean ere beste horrenbeste ekimen egingo dituztela aurreikusten dute.