MA kolektiboaren Lua kastore antzezlan proiektuak jaso du Joseba Jaka beka. Kolektiboko kide diren Eneritz Zeberio, Oihane Enbeita eta Andoni Gartziak jaso dute saria, elkar Fundazioko Oihane Jakaren eskutik. 10.000 euroko laguntza haien proiektua gauza dezaten. Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean egin zuten sari banaketa ekitaldia eguen arratsaldean (apirilak 19).
Sormena saritzea helburu duen aurtengo beka antzerkia lantzeko izan da. Bederatzi lan aurkeztu zituzten guztira deialdira, eta Agurtzane Intxaurraga, Iratxe Retolaza eta Jaime Valverdek osatutako epaimahaiak erabaki zuen beka Andoni Gartzia eta Eneritz Zeberio kide diren kolektiboari ematea. “Oso berritzailea iruditu zaigu egitasmoa: gaitegian ere berritzailea da (kontzientzia anatomikoa duelako ardatz), baina, batez ere dramaturgia-proposamena da berritzailea, nortasun handiko atmosfera bat sortzea helburu duena, eta komunikatzeko zein eszenaratzeko bide berrietan arakatzea helburu duena”.
MA kolektibokoek era honetara aurkeztu dute haien proiektua: “Lua kastore barne bidaia ederra da. Antzerkia, dantza eta ikus-entzunezkoak uztartzen dituen sorkuntza lan poetikoa da. Barne mundua azaleratzeko kode bat planteatzen du, gorputza bera espazio eszeniko bihurtuta. Gugan bizi diren argi eta ilunen adierazle plastikoa. Joskura hautsien jolas erritmikoa da Lua kastore, gizabanako bakoitzak gorputz barruan dituen ahots kontrajarriekin dantzatzeko prest datorrena. Galdera arketipikoak eta intimoak azaleratze ditu, hautura horrek argibide bat eman edo bide bat argitu dezakeen esperoan.”
Oihane Enbeita, Andoni Gartzia eta Eneritz Zeberio, Joseba Jaka beka jasotzen.
Elkar Taldeko Zuzendaritzako eta Elkar Fundazioko Batzorde Eragileko kideak eta hainbat gonbidatu bildu ziren sari banaketan. Bertan, egon ziren, besteak beste, Aitziber Atorrasagasti (Eusko Jaurlaritza, Kultura Saila), Erein argitaletxeko Iñaki Aldekoa, Inaxio Mujika eta Idoia Gonzalez, Alberdaniako Jorge Jimenez, Leire Cancio (Elhuyar), Jose Mari Esparza (Txalaparta), Xabier Mendiguren Bereziartu, Edu Barinaga (ETB), Luix Intxauspe (Udalbiltza), Imanol Esnaola (Gaindegia), Koldo Amezketa (EA), Martxelo Otamendi (Berria), Mikel Arregi (Nafarroako Gobernua), Estibaliz Alkorta (Eusko Jaurlaritza, Hizkuntza sustapenerako zuzendaria) eta Paul Bilbao (Kontseilua, Idazkari nagusia)
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.