Ibarrolak eta Aizpuruak irabazi dute Mutrikuko nesken pala txapelketa

Eva Ibarrola mutrikuarrak eta Amaia Aizpurua azkoitiarrak irabazi dute Mutrikuko I. Nesken Binakako Pala Txapelketa Azkarra, Jaione Arreitunandia mutrikuarrari eta Esti Arriola berriatuarrari 15-10 irabazita. Final oso lehiatua jokatu zuten bi bikoteek, eta partidua atzetik hasi bazuten ere, txapela eskuratzea lortu zuten Ibarrolak eta Aizpuruak. Mutrikuko Neska Palistak taldeak antolatutako txapelketa atzo [apirilak 22] jokatu zen, Mutrikuko Miruaitz frontoian. Giro ezin hobea egon zen, eta antolatzaileek igorri dituzten datuen arabera, 26 lagunek parte hartu dute: “Hamahiru bikote osatu ziren denetara. Mutrikutik, Ondarroatik, Berriatutik, Debatik, Azkoitiatik, Zizurkildik eta Elgoibartik etorri ziren neskak egunaz, frontoiaz, palaz eta konpainiaz gozatzera”.
Mutrikuko neska palisten txapelketako parte hartzaileak

Mutrikuko neska palisten txapelketako parte hartzaileak, Miruaitz frontoian. Argazkia: Mutrikuko Neska Palistak.

Hasiera batean kinielak egitea aurreikusita bazegoen ere, parte hartzaileek bina partidu jokatu zituzten lau taldetan banatuta. “Lehenengo zazpirak final laurdenetako sailkatu ziren zuzenean, eta gainontzeko bikoteek bigarren aukera bat jokatzeko aukera eduki zuten”. Frontoian bapo bazkaldu ondoren, final laurdenak, finalerdiak eta finala jokatu zituten. Final laurdenak hamar tantora jokatu zituzten, finalerdiak 12 tantora eta finala, berriz, 15 tantora. Parte hartzaileek eta antolatzaileek txapelketari buruzko balorazio oso baikorra egin dute. “Hasitako bideak jarraipena izango duela ematen du. Zorionak guztioi”.