Zapran gagoz lelopean ekainaren 3an Lekeition ospatuko den Euskal Eskola Publikoaren Jaia babestu dute Realeko jokalariek. Jaiaren berri emateko, Lekeitioko Eskola Publikoko Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleak Zubietan egon ziren astelehenean [apirilak 23].
Endika Badiola ikasleak esker oneko hitzak eskaini zizkien jokalariei: “Eskerrik asko zuekin momentu hau bizitzeko aukera eman diguzuelako. Guztiok zaudete gonbidatuta ekainaren 3an Lekeition ospatuko dugun Euskal Eskola Publikoaren Jaira. Zoriondu nahi zaituztegu Atletico de Madrid talderen aurka jokatutako partidu onarengatik, eta suerte ona opa dizuegu zuen ibilbidean”.
Jokalariek Badiolak eskainitako hitzak txalotu zituzten, eta familia argazkia atera eta eskerrak eman ondoren, entrenatzen jarraitu zuten. Ikasleek, gainera, entrenamendu amaieran jokalariei sinadurak eskatzeko aukera ere eduki zuten; “goiz ederra” pasatu zutela esan dute.
Lekeitioko Eskola Publikoko ikasleak eta Realeko jokalariak. Argazkia: Lekeitioko Eskola Publikoa.