Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, 31 eta 33 urteko bi gizonezko atxilotu dituzte gaur goizaldean [apirilak 25], 03:45 aldera. Esan dutenez, Mutrikuko
herriguneko iturgindegi batean lapurtzen saiatu dira, eta herritarrek eman diote abisua Ertzaintzari. Bi atxilotuak, gainera, orduak lehenago Durangon lapurtutako Ford Escort markako auto batean ihes egin dute.
Abisua jaso eta gero, ertzainak autoaren bila atera dira, eta aurkitu dutenean, gelditzeko seinaleak egin dizkiete. Bi gizonezkoak ihes egiten saiatu dira, abiadura handituz; Elgoibarrerantz zihoazen. “Ihesean zihoazela
istripua eduki dute N-634 errepidean”. 31 urteko gidaria autotik atera eta ihes egiten saiatu da, metro batzuetako altuera zegoen leku batetik salto eginda. “Suhiltzaileek erreskatatu behar izan dute”.
Kopilotua 33 urteko gizonezkoa zen, eta autotik atera den momentuan atxilotu dute. Bi atxilotuek aurrekari polizialak zituzten. Ibilgailu barruan lapurretak egiteko tresnak,
giltzak eta garajeetako urrutiko kontrolak atzeman dituzte. Ertzaintza atzemandako giltzak eta garajeetako urrutiko kontrolak aztertzen ari da.
Lapurrek ihes egin duten autoa, istripua eduki eta gero. Argazkia: Segurtasun Saila.