Espainiako Arrantza Ikuskaritza Zerbitzuak atzeman zituen marrazoak Ondarroako portuan. HITZAk jakin ahal izan duenez,
Gure Leire arrantza ontziak arrantzatutako marrazoak ziren. Eguzki talde ekologistak salatu duenez, arrantzontziak 20 marrazo muturmotz (
Lamna nasus) porturatu zituen; babestutako espeziea da. “Horrez gain, arrantzontzi horrek 4.872 kilo kaela (
Prionace glauca) porturatu zituela esan zuen, eta berez 6.320 kilo harrapatu zituen; arrantzatutako marrazo guztien
%29,7 ezkutatu zituzten. Horregatik zigor espedientea zabaldu dio Jaurlaritzak”.
Ondarroako arrantzontziak harrapatutako hiru marrazo muturmotz. Argazkia: Eguzki
Eguzkik dio bi ondorio atera dituztela: “Alde batetik, Ondarroan legez kanpoko marrazo arrantza ohikoa dela. Eta bestetik, Eusko Jaurlaritzaren Arrantza Ikuskaritza Zerbitzua ez dela ezertaz enteratzen, edo ez duela neurririk hartu nahi”.
Eguzkik gogora ekarri nahi izan du iazko irailean
Ondarroako portuan ateratako argazki bat. Argazki horretan
marrazoak hilda eta pilatuta agertzen ziren. “Argazki harek hautsak harroti zituen, eta informazio kontrajarriak ere zabaldu ziren”. Batetik, marrazo haiek legez arrantzatutakoak zirela esan zuten, baina esan zigutenaren arabera, tartean zeuden baita ere marrazo muturmotzak”. Horrez gain, argazki hartan agertzen ziren ale batzuek hegalak moztuta zituztela ere esan zieten. “Portuan utzi egin zituztela ere esan ziguten, eta portuko langileak bila ibili arren, ez omen zutela jaberik aurkitu”.
Horrekin guztiarekin, Eguzkik Eusko Jaurlaritzari informazio zehatza emateko eskatu zion, baina
Jaurlaritzak ez zuela erantzunik eman salatu dute. “Are okerrago, ordutik ez du ezer egin. Haren jokabide eskasa agerian geratu da orain, Arrantza Ikuskaritzak atzemandakoa ikusi eta gero”.
Itsas espeziekin modura, lehorrean ere Jaurlaritzak antzera jokatzen duela esan du talde ekologistak. Horren harira, Eguzkik iaz Legebiltzarrean salatu zuen Ertzaintzaren Ingurumen Taldeak oso jende eta bitarteko gutxi dituela, eta horrelako gaietan inplikatzeko “borondate politikorik ez” zutela ikusten. “Jaurlaritzak oso gustuko du polizia integralaz hitz egitea, baina ingurumenari dagokionez, behintzat, hori propaganda baino ez da”.