Baxurako arrantzaleak antxoa asko ari dira arrantzatzen azken egunotan. Arraina, gainera, aurreko asteetakoarekin –kiloan 55-70 bitarteko arraina egon ziren arrantzatzen– alderatuta nahikoa handiagoa da,
kiloan 32-40 ale ingurukoa. “Asteon arrain handiagoa agertu da. Arrain kontserba fabrikak ere urduri egon dira aurreko asteetan, nahikoa antxoa handirik ez zegoelako, eta egunotan arrain handiagoa porturatu dutenez, konforme daude”.
Ontzi gehienak –%90 inguru– , bestalde, arrantzatu al duten gehiengoa ari dira arrantzatzen egunotan. Ontziaren lizentziaren arabera, 10.000 edo 8.000 kilo antxoa arrantzatzeko baimena dute egunero.
Ongi Etorri ontziko marinelak, gaur goizean, antxoa eskuetan
Kostaldetik nahikoa hurre ari dira arrantzatzen ontzi gehienak, gainera,
Ondarroa eta Lekeitio arteko uretan. “Ondarroatik ordu bete baino gutxiagoko tartean ari dira arrantzatzen antxoa, Bermeoko plataformatik Ondarroara bitartean. Getaria aldera ere joan dira, baina zenbat eta ekialderago joan, arrain txikiagoa ari dira arrantzatzen. Hortaz, mendebaldeko uretara ari dira joaten egunotan”.
Ondarroako Kalare Deuna kofradiako arduradunen esanetan, astelehenen [apirilak 23] arratsaldean lehorreratu zituzten lehen aleak, eta ordutik,
egunero saldu da antxoa kofradian. “Aurreko barikuan [apirilak 20], Cudillero (Asturias, Espainia) inguruan antxoa handia arrantzatu zuela entzunda, eta hemen tamaina horretako arrainik ez zegoenez, hori entzunda, ontzi talde handi bat –Getariakoak, Hondarribiakoak, Oriotarrak eta Kantabriakoak– Cudillero aldera joatera animatu zen domeka [apirilak 22] gabaz. Eta astelehen [apirilak 23] goizean bertara ailegatzen ari zirela, hemen geratu zirenek Ondarroa gainean arrantzatu zuten antxoa, astelehen goizean itsasoratu ostean”.
Nabarmendu dutenez, eguaztena [apirilak 25] izan da aurtengo kanpainako egunik eta oparoena.
61.000 kaxa inguru –500 bat tona– deskargatu zituzten 76 ontzik. Eguaztenean, hain zuzen ere, portua bete ontzi ikusi zen aspaldiko partez, denboraldiko ontzi kopuru handiena kofradiakoen arabera. “Bizkaiko golkoko ontzi asko egon ziren; Galiziatik hasi eta Hondarribia tartera”.
Baxurako arrantzaleak antxoa deskargatzen, gaur goizean
Gaur [apirilak 26] goizean ere, nahikoa antxoa porturatu dute lehenengo orduetan. “Gauean ez dute askorik arrantzatu, eta egunez ekingo diote”. Egunotan antxoa asko porturatu dutenez Ondarroan merke saldu da bentan. “Arrainik handiena bi euro bueltan saldu da, eta txikiagoa merkeago”.
Berdeleta. Berdel kanpaina ofizialki amaitu ez baldin bada ere, ia amaituta dagoela azaldu dute kofradiako arduradunek. “Astean amuko birek lehorreratu dute berdela, baina horiek amaitu ez baldin badute, gutxi faltako zaie”. Berdel kanpaina, Ondarroari dagokionez, ondo joan dela nabarmendu dute. “Ederra izan da aurtengoa. Arrantzaleak eurak, behintzat, oso gustura geratu dira. Izan ere, arraina ere prezio onean saldu da”.