Gaur egun oharkabe igarotzen dira lekeitiar asko bere ondotik, baina Erdi Aroan herria inguratzen zuen harresiak badauka zer kontatu. Lekeitioko hiribildua 1325ean sortu zenetik egon da harresiz inguratua, eta horma ikaragarri horien historia jaso du
La muralla de la villa de Lekeitio izeneko liburuan Aitor Gonzalez historialariak.
Zer dauka berezia Lekeitioko harresiak liburu bat merezi izateko?
Bizkaian harresi gutxi gelditzen dira, eta Lekeition mantentzen den harresi zatia nahikoa handia da. 100 metro baino apur bat gehiago dituen hormatala aurkitzen da justu Dominikako mojen komentuaren atzeko partean, eta Abaroa etorbidean ere 35 metro dituen hormatal nahikoa luze bat dago. Esan behar da, gainera, harresiari buruz Lekeitioko artxiboan kontserbatu den dokumentazioa oso zabala dela, eta hori ere arrazoi bat izan zen Lekeitioko harresiari buruz ikertzera animatzeko.
Zenbat denbora behar izan duzu ikerketa hori guztia egin ahal izateko?
Gutxi gorabehera bederatzi hilabeteko lana dago liburuaren atzean, baina hamabost urte daramatzat Lekeitiori buruzko informazioa jasotzen, ez bakarrik Lekeitiori buruzkoa, Bizkaiko hiribildu guztien gainekoa baino. Urduña, Portugalete, Bermeo… Bizkaiko harresi guztiak interesatzen zaizkit, Lekeition, adibidez, hormatal luze samarrak mantentzen dira, eta horrek nire arreta erakarri zuen.
Zergatik harresiak? Ze garrantzia daukate?
Harresi bat ikustean horma edo harrizko hesi bat ikusten duzu. Hori dela eta, agian, gutxietsita daude. Gainera, arterik ere ez daukate. Hala ere, zerikusi handia daukate gure hiribilduen paisaiaren garapenagaz. Adibidez, zergatik da Lekeitioko alde zaharra den bezalakoa? Harresiagatik. Eta berdin, zergatik ditu Bilbok zazpi kale eta ez hamar, hamaika edo hamabi, bere harresiagatik. Harresiek, azken finean, gure alde zaharren egituran eragina izan dute mendez mende. Alde zaharrak harresiak gure hiribilduetan utzi duen aztarnaren erakusle dira. Harresiek, gainera, funtzio ezberdinak bete dituzte, ez bakarrik defentsazkoa.
Hiribilduaren historia kontatuko lukete, beraz, hein batean.
Hiribilduek daukaten forma harresiek utzi duten aztarna fidagarriena da. Harresiak eraisten direnean gelditzen dena barrua da, alde zaharra, eta hori harresiaren herentzia da. Harresiak gure historiaren parte garrantzitsua dira, ikertzea merezi duen puzzlearen zati bat dira.
Ikertu dituzun harresi guztien artean zein edo zeintzuk nabarmenduko zenituzke?
Bizkaian gaur egun dauden harresi guztien artean, eta ez dira asko, bi dira niretzat zirraragarrienak: Urduñakoak eta Lekeitiokoak. Bi harresi nagusienak dira. Lekeitiokoak ez dira Urduñakoak bezain ikusgarriak arterik eta dorrerik ez daukatelako, baina hormatal handiak dira, luzeak, eta Erdi Arotik gaur egunera ia zeuden moduan mantendu dira. Horrek egiten ditu niretzat horren liluragarri, gelditu dena ia jatorrian bezala mantendu izanak. Era batean esateko, historiaren testigantzak dira.
Aitor Gonzalez idatzi duen liburua esku artean duela.
Nondik nora ibili zara Lekeitioko harresiari buruzko informazio bila?
Lekeitiotik ibili nintzen bederatzi hilabetean neurketak egiten, argazkiak ateratzen eta artxibategietan dokumentazioa bilatzen. Lekeitioko udal artxiboa izan zen dokumentazioa lortzeko iturri nagusia, baina horrez gain, Bizkaiko Foru Agiritegi Historikoan, Bizkaiko Artxibo Historiko Probintzialean eta azkenik, jabetza erregistroan ere ibili nintzen. Horrez gain, bibliografia ugari ere erabili behar izan dut liburu honi forma emateko.
345 orrialdetako lana osatu duzu.
Liburua, gainera, koloretako argazkiz, planoz eta antzinako grabatuez hornituta dago. Bata eta beste batuta, 40 irudi baino gehiago izango ditu. Argazki zaharrak ere baditu, oso interesgarriak.
Edizio mugatua da bestalde, ale gutxi kaleratu dituzu.
100 ale argitaratu ditut soilik, beraz, ez dute gehiegi iraungo. Argitalpen oso zaindua egiten ahalegindu naiz. Couche papera erabili dut, koloretako argazkiak… Mimo guztiagaz egindako argitalpena izan da.
Lekeition mantendu diren bi hormatalak ikusteko nora jo behar da.
Hilerri sarrerako tartean hasi eta Dendari kaleko 47. zenbakiraino ailegatzen den zatia da ikusgarriena, beste zati bat Abaroa etorbidean dagoena da, baina ezkutuago gelditzen da balkoi eta etxe artean aurkitzen delako.
Ikerketa guzti horiek eginda, harresiak behar bezala zainduta daudela iruditzen zaizu?
Orokorrean ez zaie merezi duten balorea ematen. Lekeitioko kasuan, esate baterako, Eusebio Erkiaga ingurua nahikoa gaizki zainduta dago. Harresiak gune batzuetan 6 metroko garaiera dauka, eta horren beheratuta dago, 2 metro besterik ez dituela neurtzen. Pena handia da, ez dira-eta zaharberritzen. Erakundeek ondare horrek daukan garrantziaz jabetu beharko lukete eta zaindu, merezi duten balorea eman beharko liekete.
Lekeitioko harresiari buruzko liburua bezala beste liburu batzuk argitaratu dituzu?
Liburu hau harresiei buruz kaleratzen dudan seigarrena da. Portugalete, Plentzia, Bermeo, Elorrio eta Bilbokoa idatzi ditut aurretik.
Lekeitioko lana amaituta, beste zer edo zertan ari zara orain?
Momentu honetan ikerketa bat egiten ari naiz Urduñako harresiari buruz.