Lea-Artibai eta Mutrikuko trainerillak, Bizkaiko eta Gipuzkoako txapelketetan hasteko prest
Gipuzkoako eta Bizkaiko trainerilla denboraldiko lehenengo bi jardunaldiak lehiatuko dituzte datozen egunotan. Bertan parte hartuko dute Lea-Artibaiko eta Mutrikuko arraunlariek. Txapelketei dagokienez, Bizkaiko zein Gipuzkoako lehiak hiru kategoriatan banatuta jokatuko dira: gizonezkoen gazte maila, emakumezkoen absolutu maila eta gizonezkoen nagusi maila.
Bizkaitarren lehia Ondarroako uretan hasiko da, eta bertan 30 trainerilla inguru batzea espero da. Lehen estropada zapatuan [apirilak 28] jokatuko da, 16:00etatik aurrera, eta bigarrena domekan [apirilak 29], 11:00etatik aurrera. Antolatzaileek iragarri dutenez, barratik kanpora lehiatuko dira estropadak, traineruen estropada eremu berean. Eta hiru kategorietako arraunlariek 3.500 metroko estropada bete beharko dute, lau luze eta hiru ziaboga, zehatz esanda.
Gipuzkoako lehen jardunaldia, berriz, Orion jokatuko da zapatuan, 15:00etatik aurrera. Bigarren jardunaldia martitzenean [maiatzak 1] jokatuko da Pasai Donibanen, 09:30etik aurrera. Mutrikuk trainerilla batekin jokatuko ditu Gipuzkoako lehen bi jardunaldiak, gizonezkoen nagusi mailan. Eta, aldi berean, beste trainerilla batek Gipuzkoako Federazio Kopan ere parte hartuko du, ligatik kanpo.