Castrok eta Urkiolak jantzi dute Lea-Artibai rallyko txapela
[zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Iaz modura, eurentzat izan da podiumeko gorengo postua. BMW M3 autoagaz 1 ordu, 6 minutu eta 22,36 segundo behar izan dituzte ibilbidea osatzeko, eta egin duen euriagatik oso lasterketa zaila izan dela aitortu du Castrok lasterketa amaitu ostean. “Euria dela eta, egoera oso aldakorra izan da. Lehen postuan ibili gara, eta segundo erdiagatik, lasterketako denborarik onena ezartzeko aukera galdu dugu. Gaurkoa egun oso zaila izan da, eta lehen postua lortzea oso pozgarria da”. Podiuma osatzen bigarrenak Gernika Racing Elkarteko Ivan Muñoz gernikarra eta Hodei Madariaga ajangiztarra izan dira Citroen C2 R2 max autoagaz. Ordu 1, 7 minutu eta 32,391 segundo behar izan dituzte lasterketa amaitzeko. “Rally honetan estreinako parte hartu dugu. Bidea oso egoera eskasean egon da, batez ere, euriagatik. Arriskatu egin gara, eta euritarako gurpilekin lehiatu dugu. Azken aurreko zatian lasterketa irabazteko aukerak izan ditugu. Hiru auto 15 segundoren barruan joan gara, baina errepidetik atera gara, eta denbora nahikoa galdu dugu. Podiumari eutsi nahi izan diogu, eta azken kilometroak gogor joan gara, podiumari eusteko”. Eta hirugarren postua Esko Motor taldeko Gorka Idigorasek eta Andoni Perez de Villarrealek lortu dute Renault Clio Sport autogaz. Ordu 1, 7 minutu eta 39,037 behar izan dituzte rallya amaitzeko.[zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Eizgaetxebarria eta Lonbide, azkarrenak. Aingeru Castro eta Alaitz Urkiola sailkapen nagusiko lehenak izan baldin badira ere, ez dira izan lasterketako azkarrenak. Segundo erdigatik Durangalde Racing taldeko Ekain Eizagaetxebarria eta Onintze Lonbideren Mitsubishi Lancer V autoa izan da Etxebarriko Galartza auzoko helmugan sartzen lehena.Aurtengo rallyan istripu asko egon dira, eta matxuragatik lasterketa utzi behar izan dutenak ere asko izan diraOrdu 1, 6 minutu eta 21,674 segundoko marka lortu dute, baina autoaren kategoria dela eta, ez dute Euskal Herriko txapelketan puntuatzen. “Estreinako egin dugun lasterketa izan da gaurkoa, eta helmugan lehen postuan sartzea pozgarria da. Nahikoa mantso hasi gara, eta azken zatian, azkarrago ibili gara denbora onena lortzeko”. Euriak aurtengo rallyan eragin nabarmena izan du. Lasterketa oso gorabeheratsua izan da. Istripu asko egon dira, eta matxuragatik proba utzi behar izan dutenak ere asko izan da. 64 autotik 33k amaitu dute. Lea-Artibaiko pilotu eta kopilotuentzat egun “beltza” izan zen atzokoa. Oso gutxik lortu zuten helmugara heltzea. Gorka Antxustegik eta Xabat Urrestik, esaterako, motorra apurtu zuten, eta Txus Jaiok eta Jesus Urkidik abiadura aldagailua apurtuta utzi behar izan zuten lastekerta.
Aitor eta Mireia Saizar berriatuarrek istripu larria izan zuten Gizaburuaga-Ispaster tartean. Antxustegiren eta Urrestiren autoaren kontra jota, ospitalera eraman zituzten
[zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Istripurik nabarmenetako bat Aitor eta Mireia Saizar berriatuarrena izan da, Gizaburuaga-Ispaster, hirugarren zatian. Suzuki Swift-aren motorra hautsi zaie Antxustegiri eta Urrestiri lasterketaburu direla, eta haiek errepidean lagatako olioagaz irrist eginda, kolpe handia hartu dute Saizartarrek. Ospitalera eraman dituzte, zamako minagaz. “Ordura arte oso gustura joan gara, eta autoak ez du gauza arrarorik egin, baina bat-batean motorra apurtu da, eta olioa galdu duela konturatu gara. Abisatzen ari ginela, atzetik zetozen Aitor Saizarrek eta Mireia Saizarrek gure autoaren aurka talka egin dute. Segurtasunagatik zati hori ez egitea erabaki dugu”, azaldu du Xabat Urrestik. Eskualdeko lehenengoen saria, berriz, Hamaika Taldeko Ander Txakartegik eta Alexander Maguregik lortu dute. Berriatuko pilotuak eta Markina-Xemeingo kopilotuak zortzigarren postua lortu dute sailkapen nagusian, Citroen Saxo VTS 16v autogaz. Ordu 1, 11 minutu eta 13,898 segundo behar izan dituzte lasterketa amaitzeko. “Lehenengo zatian lasteketako oharrak etxean ahaztuta ibili gara, eta hantxe nahikoa denbora galdu dugu. Bigarren zatian, berriz, oso denbora ona egin dugu, eta hurrengoetan lortutako postu onari eusten joan gara”.Antolatzaileek nabarmendu dutenez, aurtengoa “rally oso gogorra” izan da, euriaren eraginezKastinparro taldeko kideek lasterketari buruzko balorazio ona egin dute. “Dena ondo joan da. Zatirik kritikoena goiza izan da, baina, hala ere, aurretiaz ezarritako ordutegiak mantentzea lortu dugu. Golpe asko-eta egoten direnean, zaila izaten da ordutegiak mantentzea, baina hori lortu da, behintzat, eta alde horretatik ere pozik gaude”. Azpimarratu dutunez, lasterketa oso gorabeheratsua izan da. Eta euriaren eraginez, lasterketa utzi behar izan dute askok. “64 autok hasi dute lasterketa, eta erdiak baino zer edo zer gehiagok amaitu dute. Rally gogorra izan da, eta eguraldiak ere ez du lagundu. Ibilbidean zehar potzu asko egon dira, eta, batez ere, goiza izan da eguneko tarterik konplikatuena. Zati batzuetan olioa ere egon da, eta hori dela eta, ibilbideko bi zati, hirugarrena eta laugarrena, segurtasunagatik bertan behera uztea erabaki dugu”.