Bizkaiko trainerillen txapelketako asteburuan hasi da Ondarroan. Lehen bi kanporaketak bertan jokatu dira, eta
bigarren jardunaldiko onenak Bermeo Arraun Taldeko ontziak izan dira.
Mutilen nagusi mailan, esate baterako, lehen hiru postuak lortu zituzten bermeotarrek. Bermeo C ontzia izan zen baliza artetik igarotzen azkarrena, 13 minutu eta 44,81 segundoko denboragaz. Eskualdeko ordezkaritzari dagokionez, Ondarru C, Ondarru A eta Ondarru B laugarren, zazpigarren eta hamaseigarren postuan sailkatu ziren, hurrenez hurren.
Ondarroako trainerilla, Ondarroako uretan. Argazkia: Ondarroako Kirolaren Leihoa
Mutilen gazte mailan ere bermeotarrek lortu zuten garaipena, 15 minutu 9.07 segundoko denboragaz. Isuntza bosgarren helmugaratu zen, irabazlearengandik 56,73 segundotara. Nesken absolutu mailan, berriz, ez zuten bertoko trainerillek parte hartu. Arkotekoa izan zen ontzirik azkarrena.
Zapatuan [apirilak 28] jokatu zen
estreinako jardunaldian berriz, nesken absolutu mailan, Arkotek irabazi zuen estropada, 17 minutu eta 49,31 segundoko denboragaz. Ondarroak bigarren amaitu zuen estropada eta Isuntza B ontzia hirugarren helmugaratu zen. Isuntza A ontzia laugarren sailkatu zen. Deustu B izan zen mutilen gazte mailako irabazlea, 15 minutu eta 40,41 segundoko denboragaz. Isuntzako ontziak hirugarren amaitu zuen. Mutilen nagusi mailan, azkenik, Zierbena A trainerillak irabazi zuen estropada, 13 minutu 44,14 segundoko denboragaz. Ondarru A eta Ondarru B bigarren eta hamalaugarren sailkatu ziren, hurrenez hurren.
Bizkaian, ez eze, Gipuzkoan ere asteburuan hasi da trainerilla denboraldia. Orion jokatu zen zapatuan lehenengo jardunaldia. Mutrikuko trainerillak zortzigarren amaitu zuen mutilen nagusi mailan.