‘Gernikaren egiak’ ikus entzunezkoa emango dute Munitibarren
1937ko apirilaren 26ko bonbardaketaren 81. urteurren honetan hausnarketa kolektiborako tresna izatea helburu duen Gernikaren egiak dokumentala aurkeztuko dute Munitibarren. Emanaldia barikuan izango da Udal Aretoan, 19:00etatik aurrera.
Gernikaren egiatik abiatuta, egiak biltzeko asmoz, hainbat ikuspuntu eta iritzi azaltzen ditu ikus entzunezkoak. Ikuspuntu gaurkotuak dira, eta besteren artean, emakumeena ere sartu dute. Iazko apirilean liburua argitaratu zuen, eta idatzizkoari jarraipena emanda, dokumentala prestatu zuten. Gernika oroimen biziko herria delako, begirada eta iritzi ezberdinen ikuspegitik burutu dute lana. “Ezezagunagoak diren gertaera historikoei arreta jarri, emakumearen ahotsa lehenetsi, eta herri mugimenduen paperaz hausnartzea” izan du helburu Ipes elkarteak.
Errelatoa osatzen. 1937ko apirilaren 26an Gernika ez ezik, Munitibar ere bonbardatu zuten faxistek. Bonbardaketagaz batera, nora ezean zebiltzan zauritu eta gainontzekoen aurka, ametrailadoredun hegazkinek hainbat jirabira egin zituzten aire erasoa “errematatzeko”. Iaz, esaterako, orduko gertakariak argitzeko eta jasotako testigantzekin osaturiko errelatoa azaltzeko, Bonbardaketaren 80. urteurrena. 1937/04/26 Aire erasoaren kronika hitzaldia eman zuen Alberto Unanumo Ahaztuen Oroimeneko kideak.