Lan, bizi, herri duina lelopean Markina-Xemeingo kaleak zeharkatu ditu gaur eguerdian [maiatzak 1]
LAB sindikatuak deitutako eskualdeko manifestazioak. Arkupean ekitaldia egin dute manifestazioaren ondoren, eta Ion Basurko Lea-Artibai eta Busturialdeko ordezkaria agertokira azaldu aurretik, Euskal Herriko kaleetan azken denboran egon diren emakume, gazte eta pentsionisten mobilizazioak gogora ekarri eta emakumeak jasatzen ari diren erasoak salatu dituzte Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxatik egin den manifestua irakurrita. Debabarreneko manifestazioa Eibarren eduki dute mutrikuarrek.
ELAk, berriz, Bilbon eta Iruñean egin ditu manifestazio nagusiak
Pobreziari gerra; sobera inor ez lelopean.
LABek deituta Markina-Xemeinen egin den eskualdeko manifestazioa.
Iruñeko bortxaketaren epaia eta Donibane Garazin bere bikotekide ohiak emakume bat hil izana salatu dituzte. “Langileon Nazioarteko Egunean argi adierazi nahi dugu euskal emakume langileok bizi dugun egiturazko indarkeria. Emakume izateagatik soilik gara erasotuak, kolpatuak, abusatuak eta erailak”. Eta erasoen aurrean erantzun beharra azpimarratu dute. “Kapitalismoaren eta patriarkatuaren erasoaldien aurrean parez pare izango gaituzte”.
Borrokarako garaia. Aurtengo Maiatzaren Lehena berezia datorrela adierazi du Jon Basurkok. “Ziklo amaiera iragarri du erakundeak. Une historikoa bizi dugu. Ez dago denborarik galtzeko, ez dago aitzakiarik konpromiso berriak gureganatzeko. Eragile guztioi dagokigu gatazkaren ondorioak gainditzeko inplikatzea”. Hala ere, oraindik eskubide urraketa larri bat geratzen dela azpimarratu du, eta preso eta iheslariak etxeratzea eskatu du.
Bestalde, EAJk Espainiako
estatuko aurrekontuak onartzeko hartutako erabakia kritikatu du. “Estatuko aurrekontuak babestea da alderdirik korrupto, antidemokratiko eta autoritarioena bebestea, eta badu protesta sozialei frenoa jartzeko helburua. Oso larria da”.
Ion Basurko LABen irakurketa egiten Arkupean egindako ekitaldian.
Aldaketarako grina bizi-bizirik dagoela adierazi du LABeko ordezkariak eta aldaketak lortzeko borroka dela bidea azpimarratu du. “Eraldaketa sozialerako grina eta burujabetza prozesua uztartzea, hor dago gakoa, eta momentua da”. Esplotatzaileekin amaitzeko eta emakumeak “bortxatzen, umillatzen eta hiltzen” dituen sistemagaz amaitzeko garaia dela azpimarratu du. Hori lortzeko LABek lan munduan eta lan mundutik eragin nahi duela azaldu du Basurkok. “Baditugu proposamenak 1.200 euroko gutxieneko soldata bermatzeko, 35 orduko lan astearen alde, soldata arrakalagaz amaitzeko, pribatizazio eta azpikontratazioari aurre egiteko, lanetik bizirik bueltatzeko eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatzeko”.
Euskal langileen kaltetan
estatalizazioaren izurriteak aurrera jarraitzen duela ere gogora ekarri du. “Estatuko joko-arauak eta estatuko lan baldintzak inposatzen ari dira, beti hemengoak baino okerragoak. Estatalizazioak esan nahi du gero eta prekarietate handiagoa langileontzat”.
Mobilizatzera deitu du LABek. “Egin dezagun gure maiatza gorria. Ez bakarrik Madrildik datozen erasoen aurrean; bizi dugun prekarizazioaren erantzuleak ez daude Madrilen bakarrik, hemengo erakundeen ardura da lan eta bizi duina bermatzea eta herri duina eraikitzea”. Eta datozen asteetarako ere
mobilizazioak iragarri ditu sindikatu abertzaleak: maiatzaren 26an pentsioak bermatuko dituen sistema publiko eta propioaren aldeko mobilizazioa eta maiatzaren 30ean estatalizazioaren kontrako eta lan harremanetarako marko propioaren aldekoa.