63 lan aurkeztu dituzte Berriatuko 3. Ipuin eta Marrazki Lehiaketara
Gaur [maiatzak 3] egin dute Berriatuan 3. Ipuin eta Marrazki Lehiaketako sari banaketa. Urtez urte gero eta lan gehiago aurkezten direla esan dute antolatzaileek. Horrez gain, lanen kalitatea ere asko hobetzen ari dela esan dute. Guztira, aurten 63 lan aurkeztu dira lehiaketara (ipuinak eta marrazkiak).
Sari banaketa ekitaldia hasi aurretik antolatzaileek lanen kalitatea eta lan kopuruaren gorakada azpimarratu nahi izan dute. Ostean, Maribel Aiertza herriko idazleak eta epaimahaiko kideak lehiaketara aurkeztutako lanen errapasoa egin du; lehiaketa batera lanar aurkezterakoan kontuan eduki beharreko baldintzak ere aipatu ditu. Irabazleak aukeratzea lan erraza ez dela izan eta aurrerantzean ere parte hartzen jarraitzeko esan die bideo gelan bildutako denei; aretoa bete-beteta egon da. “Poza eman dit lan guztiak ikusi eta irakurtzea, eta poza ematen dit baita ere areto hau hain beteta ikusteak”.
Marrazkietan, 5-7 urte bitartekoek aurkeztutako lanen (8 lan) artean June Etxaniz eta Kimetz Ibarra izan dira irabazleak. 8-11 urte bitartekoetan (12 lan) Elaia Gogenola izan da irabazlea. Ipuinei dagokienez, 8-12 urte bitartekoen artean (38 lan) Iraia Iglesias eta Uxue Mugartegi izan dira irabazleak. 16 urtetik gorakoen artean (4 lan) Leire Bereikua izan da saria eskuratu duena.