Gipuzkoako Hondakin Kontsortziko presidente ohia da Intxaurrandieta. Zubietako errauste plantaren proiektua gelditzearren epaitu dute apirilean, Iñaki Errazkin Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatu ohiagaz batera. Prozesuaren nondik norakoak azaltzeko hitzaldia eskainiko du zapatuan [maiatzak 5], 17:30ean, Lekeitioko Mozolomendin.
GHK-ko arduradun jarri orduko argi zeneukan erraustegia gelditzeko izapideak hasiko zenituztela?
Argi dago erraustegia ez dela hondakinak tratatzeko guk (EH Bildu) planteatzen dugun azpiegitura mota. Ez zaigu iruditzen bidezkoa denik horrelako azpiegiturak eraikitzea, ingurumena kutsatuz, osasuna kaltetuz eta ehunka milioi euro xahutuz. Birziklatu ordez erretzea proposatzen dute. Azpiegitura hori eraikitzera behartuta geunden, eta gaindimentsionatuta zegoen. Hondakinak kanpotik ekarri behar genituen, eta kaltegarria izateaz gain, hasieratik genekien defizitarioa izango zela.
Geldiaraztea lortu zenuten. Baina dena espero bezala joan zen?
Kontratua apurtu genuen bai, baina ez zen erraza izan. Bagenekien gauzak ez zituztela behar bezala egin, eta irregulartasunak asko zirela, baina GHKn sartu ginenean, dokumentazio ugari falta zen. Gure helburuetako bat dokumentazio hori berreskuratzea izan zen. Teknikari batek desagertutako dokumentazio horren kopiak bere ordenagailuan zituela eta kopiak emango zizkigula esan zigun. Ohartzerako, bulegotik hanka egin zuen, ordenagailua eta kanpoko disko gogorra eskuetan hartuta. Salaketa jarri genuen, eta urte bat eta erdi beranduago berreskuratu genuen ordenagailua. Azterketa perizial baten ondorioz jakin genuen urte eta erdi lehenago 70.000 artxibo modu seguruan ezabatu zituela, eta dokumentuak berreskuraezinak zirela. Erraustegiaren atzetik benetako boterea zegoen. Banketxeak, multinazionalak, komunikabideak, politikari boteretsuak… Gu gobernuan egon arren, kontraboterean geunden.
Argazkia: Olatz mitxelena/Oarsobidasoako Hitza
Presioak edota mehatxuak ere jasango zenituzten.
Hasiera hasieratik. Legegintzaldi aldaketa eman zenean, gu sartu aurretik, helburu bakarra zuten GHK-ko ordungo kudeatzaileek: erraustegiaren kontratua erabat blindatua uztea, nahiz-eta horrekin Gipuzkoari izugarrizko galera ekonomikoak eragin. Helburu horrekin, produktu erabat desegokiak sinatu zituzten. Komunikabide boteretsu batek ere erraustegi txikiago bat egitera gonbidatu gintuen. Ezezkoa erantzun arren, hurrengo egunean EH Bildu erraustegi txikiago bat egitekotan zegoela iragarri zuen.
Espero zenuten egungo GHK-ko arduradunek Iñaki eta biok auzitara eramatea?
Beti mehatxatu gaituzte erraustegia egin ezean gure hondasunekin ordainduko genuela esanaz. Baina presioei ezin zaie men egin. Guk emandako pauso guztiak legezkoak izan ziren, juridikoki orbaingabekoak. Mehatxu horien aurrean, emandako pauso guztiak ondo baino hobeto aztertu genituen. Horregatik erabaki dute salaketa Madrilgo Kontu Auzitegian jartzea eta gure hondasunen kontra joatea, guk egin genuen guztian ez dago-eta delitu izpirik. Kontu auzitegian PPkoa den eta Aznarren Justizia Ministroa izandako Margarita Mariscal de Gante izan dugu epaile. Auzia erabat politikoa da, ez juridikoa. Badakigu sententzia ez dela juridikoki ondo egin genuen edo ez izango. Sententzia politikoa izango da, eta susmoa dut guztiontzat abisua ere izango dela: «Kontuz nere negozioekin. Ez ukitu nire negozioak», esan nahiko digute.
“Erraustegia egin edo ez, 20 urtetan banketxeei 100 milioi euro baino gehiago ordainduko geniela sinatu zuten EAJk eta PSEk”
Erabakia GHKn ordezkari ziren udaletako hogeitaka hautetsiren botoari esker hartu zen. Zergatik egin dute zuen aurka eta ez guztion aurka?
Auzia politikoa delako. Erabakia udaletako ordezkariek hartu zuten. Iñaki eta biok enpresekin aurreakordioa hartu genuenak izan ginen, baina ez genuen kontratua apurtzeko eskumenik. Partzuergoko batzarrak eta Administrazio Kontseiluek berretsi zuten aurreakordioa, eta orduan apurtu zen kontratua. Kontua da, sartu diguten auziaren helburua herritarrok erabakiak hartzeko eskumenik ez dugula adierazteko abisua dela. Horretarako nahikoa da bi pertsonen kontra salaketa jarri eta pertsona horiei bizitza guztirako zigor ekonomikoa inposatzea.
40 milioi baino gehiagoko kalte ordaina eskatzen dizuete.
Epaiketan argi geratu zen herrialdeari kalteak ekidin genizkiola. Errauste planta egin izan bagenu, izugarrizko kalte ekonomikoak eragingo genizkion Gipuzkoari, ingurumenean eta osasunean sor zitzakeen kalteez hitz egin gabe. 40 milioi euroko «kalte» horiek, erraustegia egin edo ez ere ordaindu behar ziren, eta hori horrela izateko kontratuak ez genituen guk lotu; blindatu zituzten kontratuek hori agintzen dute. Erraustegia egin edo ez, 20 urtetan banketxeei 100 milioi euro baino gehiago ordainduko geniela sinatu zuten EAJk eta PSEk. Deigarria dena da, epaitegietan produktu egokiak zirela defendatu zutenek bertan behera uzteko saiakera egin genuenoi diru hori erreklamatzea.
Hau guztia nola amaituko dela esango zenuke?
Orain EAJk PPgaz duen tratu ona ikusita, gure kontrako epaia aterako delakoan nago. Ez guk gaizki egin genuelako, baizik eta hartutako erabakiagaz benetazko boteredunei min egin genielako. Eta hurrengo legealdietako kudeatzaileei ere abisua eman nahi diete.
Egindakoagaz «harro» zaude. Atzera buelta eginda, dena berdin egingo zenuke?
Bai, dudarik gabe. Nik ez dut ulertzen instituzioetara joatea gauzak beste modu batera egiteko ez bada. Orain arte ikusi dugu gutxi batzuen mesedetan kudeatu dela, eta horrekin amaitu egin behar da. Nik zerrendetarako baiezkoa eman nuenean, gauzak beste modu batetara egin zitezkeelako sinisten nuelako eman nuen. Herrigintzan sinisten dut erabat. Herrialdearentzat erabaki zuzena hartu genuen, herritarrontzat egokiena zena egin genuen, eta horregaz harro nago.
Auziari buruzko kontuak azaltzeko Elkartasun Bira egiten ari zarete. Nolako erantzuna izaten ari zarete?
Nik beti esaten dut soilik herritarrek epaitu nazaketela. Nik herritarrentzat egin nuen lan, eta soilik herritarrek esan dezakete ondo egin genuen edo ez. Madrilekoa den PPko justizia ministro ohi batek esango du Gipuzkoako erraustegia ez egitea egokia izan zen edo ez? Auzi honetan, beste askotan bezala, desinformazio izugarria dago.
Birari zergatik jarri diozue Angula ustelak izena?
Angula ustelak izenburua jarri genion SWAP horiek sinatu zituztenean, 5,6 milloi euro galdu zirelako sinatze hutsagaz, eta hori ospatzeko, EAJko kideak banketxekoekin batera angulak bazkaltzera joan ziren, gipuzkoarron kontura. 6.000 euro gastatu zituzten angulak jaten.
Uste duzu oraindik ere badagoela zirrikiturik errauste plantaren lanak gelditzeko?
Edozein gauza egiteko zirrikituak beti daude. Horretarako, baina, behar beharrezkoa da herritarron borondatea da. Herritarrok hala erabakitzen badugu, ez dago atzera buelta ezinezkoa den azpiegitura, erabaki edo dena delakorik.