Gu be zuek garak bideoa grabatuko du domeka eguerdian, Pasealekuan
Bideo grabaketan parte hartzeko deia egin dute antolatzaileek. Tonbola eta paella solidarioa antolatu dituzte maiatzaren 20rako. Hiru orduko kontzertua emango du Oxabi erromeriakGu be zuek gara jaialdi solidarioa bigarrenez ospatuko da maiatzaren 20an ...
Bideo grabaketan parte hartzeko deia egin dute antolatzaileek. Tonbola eta paella solidarioa antolatu dituzte maiatzaren 20rako. Hiru orduko kontzertua emango du Oxabi erromeriak
Gu be zuek gara jaialdi solidarioa bigarrenez ospatuko da maiatzaren 20an Gernika-Lumon, eta ekintzaz beteriko eguna antolatu dute. Eguna heldu bitartean, marea urdina prestatzeko eta herritarrek beraien elkartasuna adierazteko bideo birala grabatuko dute domekan, 12:00etan, Pasealekuan. Antolatzaileek herritarrei hurbiltzeko deia egin diete, «denak jaialdiaren parte izateko».Haur minbizia gizarteratzea eta normalizatzea lortu nahi du jaialdiak. Aurtengo helburu nagusia tratamendu onkologikoan dauden haur, nerabe eta familientzako Barakaldoko Gurutzeta auzoan arnasgune izango den itxaron gela egokitzea da.
Gaur egun, Gurutzetako Ospitaleko Hematologia eta Pediatria Unitateak ez dauka halako gunerik. Haurrek «egoera latzean, ordu asko itxaron» behar dituztelako beharrezkotzat ikusi dute antolatzaileek arnasgunea sortzea.
Gela hori ospitaletik kanpo kokatzeko udalaren eta ospitalaren baimenak dagoeneko badituztela adierazi dute antolatzaileek, baina hori burutzeko dirua behar dutela gehitu dute.
Iaz 9.000 pertsona bildu ziren Gernika-Lumon, eta 40.000 euro inguru lortu zituzten umeen minbiziaren ikerketan laguntzeko. Aurten, «jende gehiago batzea» dela asmoa adierazi dute, eta «iazko diru kantitate bera lortuz gero, proiektua bere osotasunean burutzea posiblea» izango dela gehitu dute.
Eguneko ekintzak
10:00etatik 18:00etara bitartean egitarau zabala antolatu dute domekarako. Helduen 5 kilometroko maratoi solidarioa Merkurion hasiko da 11:00etan, eta iazko ibilbide bera edukiko du; leku berean 11:45ean hasiko da 500 metroko umeen lasterketa.
13:00etan, Oxabi erromeriak kontzertua emango du. Jon Gomez erromeriako abeslariak azaldu modura, hiru orduko kontzertua izango da, eta Euskal Herriko musika talde ezagunetako musikariak hurbilduko dira, bai eta ere Dientes de Lunako taldekideak, aurtengo jaialdiaren abestia sortu baitute Onintza Enbeita bertsolariagaz batera.
Tonbola solidarioa eta elkartasun paella ere izango dituzte parte hartzaileek aukeran jardunaldian.