Sancti Spiritus zaharren egoitzan mantenu lanak egin dituzte
Bermeoko Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuak Sancti Spiritus zaharren udal egoitzan inbertsioak eta mantenu lanak bukatu ditu.Benito Ibarrolaza Bermeoko alkateordeak eta Gizarte Ongizaterako Udal Patronatu presidente eragileak azaldu duenez, 62.528 e...
Benito Ibarrolaza Bermeoko alkateordeak eta Gizarte Ongizaterako Udal Patronatu presidente eragileak azaldu duenez, 62.528 euroko inbertsioa egin dute mantenurako.
Ibarrolazak gogoratu duenez, Bermeoko aurrekontu parte hartzaileen prozesuaren barnean herritarrek aukeratu zuten «bigarren proiektua» izan zen zaharren udal egoitzan konponketak egitea.
Hainbat izan dira egoitzan egin dituzten lanak: hasteko, lan bertikalen bidez lan konplexuak egin dituzte eraikin guztian, egurra garbituz, saneatuz eta berniztatuz. Era berean, teilatuko zorrotenak konpondu dituzte itoginak saihesteko. Hor izandako matxurak ere konpondu dituzte.
Etxebizitza komunitarioen kasuan, leiho guztiak aldatu dituzte, modu horretan isolamendua bermatzeko, zarata saihesteko eta tenperatura egokia mantentzeko.
Ildo berean, langileentzat atseden gune bat egokitzeko lanak egin dituzte, eta udal zaharren egoitzarako beharrezkoa den materiala lortu dute: hozkailua eta labe berriak sukalderako, gau-mahai berriak logeletarako edota esku ohialak. Amaitzeko, «osasun materiala» ere eskuratu dutela adierazi du Ibarrolazak.
Mantenu lanez gain, margotze lanak ere egin dituztela nabarmendu du presidente eragileak. Horrela, portxea margotu dute, terrazako eta harrera guneko hormekin batera.
Kalitatezko zerbitzuak
Ibarrolazak nabarmendu duenez, «Bermeoko udal zaharren egoitza egoera egokian mantentzeko beharrezkoak diren lanak egin dira, kalitatezko zerbitzua bermatzeko ezinbestekoak direlako». Urtea amaitu baino lehenago, egoitza modu egokian mantentzeko lan gehiago egingo dituztela aurreratu du.