Bizitza hobe baten bila
Migratzaile guztiek bezala, bizitza berri bat hastea amestuz, jaioterria utzi eta atzerrira joateko erabakia hartu zuen Felipe Eizagirre berriatuarrak. Australiara eta AEBetara abiatu zen.Nahiz eta urte asko herritik kanpo bizi, San Gregorio jaiak urte...
Migratzaile guztiek bezala, bizitza berri bat hastea amestuz, jaioterria utzi eta atzerrira joateko erabakia hartu zuen Felipe Eizagirre berriatuarrak. Australiara eta AEBetara abiatu zen.
Nahiz eta urte asko herritik kanpo bizi, San Gregorio jaiak urtero izaten zituen gogoan Felipe Eizagirre berriatuarrak. Euskal Herriko eta Lea-Artibaiko beste asko bezala, etorkizun bat eraiki nahirik, bizitza hobeago baten bila abiatu zen atzerrira gazte-gaztetan, baina beti izan zuen bere aberria gogoan. Diru apur bat eginda itzuli ziren batzuk sorterrira; ez zen Eizagirreren kasua izan. Joan-etorrian ibili ondoren, AEBetan egin zituen azkenengo urteak, eta New Mexico estatuko Alburquerque herrian hil da 94 urtegaz.Felipe Eizagirreren bizimoduak beste migratzaile askorena ekartzen du gogora; bai 36ko gerra ondorengo garai gogor haietan Euskal Herritik atzerrira joandakoena bai eta gaur egun gerra, jazarpen edo pobreziatik ihesi bertora lan bila datozenena ere. Helburua bera da guztiena, bizimodu hobe bat aurkitzea.
Bidaia amaitezina
Felipe Eizagirre Berriatuko Eizmendi baserrian jaio zen 1923ko maiatzaren 25ean. Gaztetxoa zela aita hil zitzaion, eta bederatzi anaietatik zaharrena izanik, beharrera joan behar izan zuen. Igeltsero jardun zuen, laguntzaile bezala. Baina lan hark etorkizun gehiegirik ez zuela eta, 35 urtegaz Australiara joatea erabaki zuen familia eta guzti. Emaztea eta urtebeteko alabagaz abiatu zen kontinente berrira, Australian lan asko omen zegoen-eta kanabera ebakitze beharrean. Gainera, emaztearen neba bi ere han zeuden lanean, eta pentsatu zuen aukera ona izan zitekeela.
Itsasontzia hartu eta 30 eguneko bidaia egin zuten Australiara ailegatzeko, eta han jaio zen bigarren semea.
Urte gutxitarako bidaia izan behar zena hamar urte luze luzatu zitzaien, eta, herriminez, berriz ere Euskal Herrira itzuli ziren. Baina egoerak ez zuen hobera egin, eta oraingoan, familia hemen utzita, AEBetara joatea erabaki zuen artzain jarduteko. Idahoko Boise hirira joan zen Eizagirre, eta artzain aritu zen sei urte «gogor eta bakartietan».
Sei urte artzain eta beste bat marmolari ibili eta gero, aukera berri bat sortu zitzaion. Hala, familia batu eta Nevada estatuko Elkora joan zen The Star Hotel ezagunean lan egitera. Euskaldunez betetako hotela zen, eta Eizagirre sukaldari ibili zen bertan. Garai hartan Juanito Milloi zen hoteleko nagusia, eta aurretik ezagutzen zuten elkar. Hark eskaini zion aukera berria, eta Felipe Eizagirrek hotel horretan egin zuen lan erretiratu arte.
Bere bizitza gehiena Berriatutik kanpo egin bazuen ere, Eizagirrek beti izan zuen jaioterria gogoan. Berriatuko kontuak jakitea gustatzen zitzaion, bere lagunak zelan zenbiltzan, esate baterako, eta gutunez komunikatzen zen bere familiagaz. 1998an bidaia bat egin zuen bere semeagaz Euskal Herrira, eta 2007. urtean ere itzuli zen berriz ere, berton gelditzeko asmoz. Baina urte bi hemen igaro ondoren, ostera ere itzuli egin zen AEBetara.
Guraso guztiek bezala argi zeukan bere seme-alabentzako onena nahi zuela, eta ahalegin horretan bizi izan zen, ondorengoei bizitza hobeago bat eman nahian. Ez zuen ahaztu nondik zetorren, eta migratzaile izateak eragiten dituen zailtasun guztien jabe egin zituen bere seme-alabak. Beharbada horregatik, bere alabak etorkinei laguntzen lan egiten du AEBetan.