Ondarroako Udalak 2017ko errenta aitorpena euskaraz egitea sustatzeko kanpaina abiarazi du. Eta, horretarako, aurten ere hitzarmena sinatu du herriko finantza erakunde eta aholkularitza bulegoekin. Akordioa sinatu duten entitateak zortzi izan dira: BBVA, Felix aholkularitza, Fideslan, Kutxabank, Laboral Kutxa, Caixabank, Lagunkor aholkularitza eta Torrealday aholkularitza.
Udalak nabarmendu duenez, hitzarmenari eta egindako ahaleginari esker emaitza oso onak lortzen ari dira. «Hamar errentetatik zortzi euskaraz egiteko aukera dago Ondarroako entitateetan», azaldu du Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkateak.
Emandako datuen arabera,
urterik urte gero eta emaitza hobeak ari dira lortzen. «Dauzkagun datuen arabera, asko dira euskaraz errenta kanpaina egiten dute herritarrak. 2014ra arte, adibidez, entitate laguntzaileen bitartez egindako errenta aitorpenetatik erdia egiten zen euskaraz. Eta udalak entitateekin akordioa sinatuz geroztik, %72,56 izan zen datua; 2017ko datua, berriz, %80koa da».
Bedialaunetak ohartarazi duenez, bestalde, etxera eginda ailegatzen diren proposamenetan ahalegin berezia egitea beharrezkoa da. «Izan ere, etxean jasotzen diren %60 gaztelaniaz bideratzen dira. Euskaraz nahi izanez gero, norberak eskatu behar du, de facto ez dator-eta euskaraz. Aldundiagaz jarriko gara kontaktuan, eta ahalegin berezia egingo dugu proposamen horiek de facto euskaraz bideratzeko».
Aurrera begira ere, udalak elkarlanerako gonbitea egin die hitzarmena sinatu duten entitateei, «euskararen erabileran pausoak ematen jarraitzeko».