Ondarroako Karenka guraso elkarteak antolatuta, eta Aurrera Mendi Taldeko kideen laguntzagaz eta Ondarroako Udalaren babesagaz mendi irteera irisgarria egin zuten hainbat herritarrek domekan [maiatzak 6] Urkiolamendira.
Karenkakoak oso pozik agertu dira, eta esperientzia oso positibotzat jo dute. Izan ere, domekako ekintzak “erantzun zabala eta paregabea” jaso duela nabarmendu dute Karenkako kideek. “Ez genuen pentsatzen hainbesteko jendetza batuko zenik. Harrera oso ona eduki du;
200 lagun inguru batuko ginen. Lau autobus beteta joan ziren, eta horrez gain, auto partikularretan ere jende asko joan zen. Egun borobila izan zen. Eskerrik asko parte hartu duzuen guztioi, Ondarroako Udalari, Aurrera Mendi Taldeari eta Azeri Natura taldeari ere eskerrak, Oihane eta Unaiei ibilbidea egiteko aukera eder hau ematearren. Umeen poz aurpegiak ikusteak dena esaten du”.
Herritarrak Urkiolamendira bidean. Argazkia: Karenka
Azaldu dutenez,
zazpi bat kilometroko ibilbide “polita” egin zuten Urkiola inguruetan zehar. “Urkiolan hasi ginen 10:00etan, eta handik Urkiolamendira igo ginen. Denok tontorrera ailegatu ginenean, berriz, talde argazkia atera genuen. Jaitsiera, ostera, Anbotoko aldetik egin genuen. Oso pozik amaitu genuen, eta jendea ere oso pozik ikusi genuen”. Urkiolara bueltan hamaiketakoa egin zuten, eta hantxe egon ziren 14:00ak arte.
Domekako ekintzagaz, gainera, beste aurrerapauso bat eman, eta mendira joateko
aukera “denei hurbiltzea posible” dela argi utzi zuten. Horretarako, bi gidariz bultzaturiko gurpil bakardun joelette aulkiak ere erabili zituzten, eta mugikortasun arazoak dituzten elkarteko bi umek aurretik ezinezkoak ziruditen tokietara heltzeko aukera izan zuten, beste toki batzuk ezagutuz. “Azeri Naturakoekin joan ginen, eta hurrengoan ere eurekin batera egingo dugu antzerako irteeraren bat”.
Gaineratu dutenez, Gorabideko zazpi kidek ere parte hartu zuten irteeran. “Mendi zaletasun handia dute, eta gurekin batera etorri ziren. Gorabideko beste kide bat aulkian dago, eta harentzako ez genuen egokitutako beste aulkirik aurkitu; pena izan zen. Izan ere, gurekin etorri ziren enpresako kideek bi aulki besterik ez daukate”.
Karenkak Urkiolamendira egindako irteera. Argazkia: Freddy Agirretxea Facebook