Aldazabalen errekorra, ziurtatuta
Ibon Aldazabal puntista berriatuarrak azaroan lortutako errekorra ziurtatu du orain Guiness Fundazioak. Guiness Errekorren Liburua eguneratzen dutenean, han agertuko da berriatuarra.Inoizko pilotakadarik azkarrena jaurti zuen azaroan Ibon Aldazabal pun...
Ibon Aldazabal puntista berriatuarrak azaroan lortutako errekorra ziurtatu du orain Guiness Fundazioak. Guiness Errekorren Liburua eguneratzen dutenean, han agertuko da berriatuarra.
Inoizko pilotakadarik azkarrena jaurti zuen azaroan Ibon Aldazabal puntista berriatuarrak Floridako (Amerikako Estatu Batuak) Dania Jai Alai frontoian; 305,7 kilometro orduko abiaduran jaurti zuen pilota. Orain, Guiness Fundazioak mundu mailako errekor hori jaso du, eta Aldazabali dagokion ziurtagiria eman dio. Azaldu dutenez, errekorra ziurtatuta geratzeko, pilotariak berak bai eta haren enpresak ere fundazioaren «eskaera zorrotzei» erantzun behar izan diete. «Errekorra ziurtatzeko frogak aurkeztu behar izan dituzte».Ziurtagiria emateko ekitaldian parte hartu zuten Floridako Dania Jai Alai enpresako arduradun nagusiek: Arnaldo Suarez zuzendaria, Juan Pablo Villamayor ekintzen zuzendaria, Mario Rodriguez finantza zuzendaria, Oscar Pavicich diruzaina eta Benny Bueno puntisten managerra. Azaldu zutenez, errekorra mundu mailako aitortza da, ez bakarrik Aldazabalentzat, baita Dania frontoiarentzat ere. «40 urteren ostean, Daniako puntista batek marka berria egitea lortu duela aitortzen du ziurtagiriak».
Ziurtagiria jasota, Aldazabal Guiness Errekorren Liburuan agertuko da, eguneratzen dutenean. Aldazabalek pozarren hartu du agiria: «Oso pozik nago marka berria lortu dudalako. Guiness Fundazioaren aitortza jasotzeak lortutako marka erregistratzen du, egiazkotasuna emanez. Horrez gain, Jai Alain egiten den kirol honen abiadura baieztatuta geratu da».
Areitioren gainetik
Aldazabalek pilotakada hura jaurti bitartean, errekorra Jose Ramon Areitio puntistak zeukan; Aretiok 1979an Newport Jai Alai (Rhode Island, Ameriketako Estatu Batuak) frontoian 302 kilometro orduko abiaduran jaurti zuen pilota. Orduko marka hori gainditzeko, Floridako Dania Jai Alai enpresak abiadura txapelketa bat egin zuen. Eta jaurtiketa ezberdinetan Aldazabal Areitioren markara ailegatu zen behin baino gehiagotan, baina behin bakarrik gainditu zuen. «Gainerako pilotariak ez ziren Areitioren markara ere ailegatu».
Aldazabalen teknika eta gorpuzkera pilotakada abiadura handian botatzeko «aproposa» dela diote adituek. «Altua da, errebes handia dauka, eta teknika aldetik ere ona da».