Ondarroako
Zientziaren Giltzak elkarteak antolatuta, eta maiatzaren 20ra bitartean, zientziagaz zerikusia daukaten hainbat ekintza egingo dira. Zientzia Astea iaz egin zen estreinako, eta izan zuen arrakasta ikusita, aurten ere jarraipena ematea erabaki dute.
Antolatu dituzten ekintzak, gainera,
zientzia herritarrengana hurreratzeko egiten den
Pint of science deritzon egitasmoa aitzakia hartuta egingo dituztela nabarmendu dute. Pint of science, hain zuzen ere, astelehenean [maiatzak 14], martitzenean [maiatzak 15] eta eguaztenean [maiatzak 16] aldi berean ospatuko da munduko 21 herrialdetako hainbat herritan, eta ekimen hori antolatzen dutela aprobetxatuta, dena luzatu eta
ekintzaz betetako egitaraua antolatzea erabaki dute.
Ondarroako Zientzia Astea. Borja Calvo / Zientziaren Giltzak
Zientzia Astea
Geometria ikusi argazki eta matematikoen erakusketagaz hasiko da. Barikutik [maiatzak 11] aurrera ikusgai izango da Kofradia Zaharrean. “Goierriko Zientzia Sare Herrikoiak 2015ean zientziagaz lotutako lehiaketa antolatu zuen, eta hango 40 bat argazki utzi dizkigute erakusketa egiteko.
Matematikak gai nagusi modura hartuta, geometria nahi da ezagutzera eman, matematika edonoiz eta edonon dagoelako”.
Pint of science egitasmoa hasteko, bestalde, teknologiak paleolitikotik gaur egunera arte eduki duen
eboluzioa izango dute mintzagai. “Paleolitiko garaian gure arbasoek erabili zituzten lehenengotariko teknologiak ezagutuko ditugu. Besteak beste, gezien puntak silex harriekin zelan egiten ziren erakutsiko digute. Eta gaur egunera salto eginda, berriz, dronei buruz ariko dira”.
Publikoari itxita dagoen Chauvet-eko kobazuloko irudiak ikusgai egongo dira
Pint of science bigarren jardunaldian, berriz, teknologiak gaurko
gozogintzan duen lekua azalduko dute, eta ostean, mapek gordetzen dituzten sekretuak. Hirugarren jardunaldia, azkenik, era dibertigarriago eta “umore puntu bategaz” datorrela aurreratu dute Zientziaren Giltzakoek; sexuari eta edariei buruzko ariko dira. “Espermatozoideei buruz egingo digute berba. Eta egiten ari den ikerketak izango ditugu mintzagai. Enologa batek, bestalde, txakolina egiteko zer zientzia erabiltzen den erakutsiko digu, eta hark amaitzen duenean, txakolina dastatzera emango digute”.
Pint of science ekimena amaituta, ostera, Leire Gomezek ahots teknikari buruz eman zuen hitzaldia emitituko du
Radixu Irratiak. Eta datorren eguenean [maiatzak 17], aldiz, Chauvet-eko (Frantzia) kobazuloa barrutik zelakoa den ikusi ahalko da. “
400 bat historiaurreko margo daude, baina ezin da bisitatu. Baina dokumental honi esker, barrua zelakoa den gertuagotik ezagutu ahalko da”.
Zientzia Asteari amaiera emateko, Mugaritz jatetxe ezaguneko sukaldean esperimentuak egiten dituen Daniel Lasak hitzaldia emango du. “Jakiak zer eratara ulertzen dituen eta zer gauza egiten dituen azalduko digu, beti ere, zientziaren ikuspegitik”.