Aurtengo denboraldiko taldea aurkeztu du Bermeoko Urdaibai taldeak
Agustin Aranburu presidenteak arraunlarien lana azpimarratu, eta euretaz harro daudela esan du. Joseba Fernandez entrenatzaileak berarengan agertutako konfiantza eskertu duEkainaren 24an Bilbon hasiko dute TKE ligako klubek aurtengo traineru denboraldi...
Agustin Aranburu presidenteak arraunlarien lana azpimarratu, eta euretaz harro daudela esan du. Joseba Fernandez entrenatzaileak berarengan agertutako konfiantza eskertu du
Ekainaren 24an Bilbon hasiko dute TKE ligako klubek aurtengo traineru denboraldia; Urdaibaik domeka eguerdian egin zuen aurtengo denboraldiko taldearen aurkezpena, beti ohi legez, Bakioko Eneperi jatetxean.Taldearen presidente Agustin Aranburuk aurkezpenean Urdaibaiko arraunlarien lana azpimarratu zuen: «Harro gaude, eurak barik hau guztia ez litzatekeelako posible izango; honen egileak dira». Era berean, taldeko gazteak gogoan izan zituen, zapatuan euren trainerilla hondoratu zelako zapatuko eta domekako estropadak bertan behera utzi behar izan zituzten itsaso txarraren eraginez.
Joseba Fernandez taldearen entrenatzaileak eskerrak eman zizkion zuzendaritza taldeari beste urte batez kirol proiektu hau bere eskuetan jartzeagatik eta beragan agertutako konfiantzagatik. Halaber, «maila honetako talde baten buru izatea ohorea dela» ere aitortu zuen. Bestetik, arraunlariak eskertu nahi izan zituen, «eguneroko gorabeherak, momentu on zein txarrak aguantatzeagatik».
Bermeo herriarentzako hitzak ere izan zituen pasaitarrak: «Entrenatzaile moduan Bermeoren izena eramatea gauza handia da. Herri honetan hasieratik oso ondo sentitu naiz. Espero dezagun aurten berriro ere goi-goian mantentzea, eta bandera handien atzetik borrokan izateko ahalmena edukitzea; denok elkarrekin joan den urteko uda errepikatzea. Orain arte ikusitakoagaz uste dut gai izango garela hori lortzeko».
Afizioaren berotasuna
Idurre Bideguren Bermeoko alkateak hitza hartu zuen, «zorte handiena» opatuz. «Zortea garrantzitsua da, baina nork bere eremutik bere onena eman behar du: zuzendaritza talde, patroi, arraunlari… eta baita zaleek ere». Horrez gain, talde sendoa ikustea espero duela, eta emaitza onak lor ditzan, giro ona izatea garrantzitsua dela azpimarratu zuen: jendearen berotasuna, gure arrauna, kresala eta izateko modua sentitzea…