Bildots errea jateko gogoz
Baserri eta Okela Eguna ospatu zuten zapatuan, Markina-Xemeingo Plazabarripean. Goizetik erre zituzten 27 bildotsen pintxo guztiak agortu zirenAurten eguraldia aldeko eduki ez badute ere, Markina-Xemein eta inguruko herrietako bizilagunak bildotsa dast...
Baserri eta Okela Eguna ospatu zuten zapatuan, Markina-Xemeingo Plazabarripean. Goizetik erre zituzten 27 bildotsen pintxo guztiak agortu ziren
Aurten eguraldia aldeko eduki ez badute ere, Markina-Xemein eta inguruko herrietako bizilagunak bildotsa dastatzeko gogoz hurreratu ziren zapatuan, Baserri eta Okela Egunera. Azoka 10:00etan zabaldu bazuten ere, Plazabarripea 11:15 aldera hasi zen girotzen.Lea-Artibaiko hamar ekoizle inguru egon dira azokan, eta eguraldia eta jende kopurua ikusita, salmentak nahikoa ondo joan zirela esan zuten. Bildotsa izan zen, baina, eguneko protagonista. Antolatzaileak 12:30ean hasi behar ziren bildots pintxoak banatzen, eta ordurako jende ilada luzea zegoen txartelak erosteko zain. 27 bildots erre dituzte aurten, iaz baino hiru gehiago. Hala ere, dena amaitu zen.
Bitxia bada ere, urtez urte gero eta gehiago dira pintxoak erosi eta plastikozko ontzian edo poltsetan etxera eramaten dituztenak.
Bildots pintxoak dastatzen hasi aurretik, herritarrek Mendi Jakintzie Berreskuratuz izeneko egitasmoaren berri eduki zuten. Azaldu zutenez, ekainaren 17an, auzolana oinarri hartuta, Santa Eufemira bidean dauden 36ko gerrako aztarnak (elur zuloak, lubakiak, bunkerra…) garbitu eta berreskuratzea du helburu egitasmoak. «Gure asmoa da herri baso hori ezagutzera eman, ingurua garbitu eta bisitagarri uztea. Udalak utziko dizkigu baliabideak, eta herritar guztiei ekintzan parte hartzeko gonbitea egiten diegu». Egitasmoa zelan sortu zen eta zehaztasun gehiago azaltzeko, ekainaren 15ean hitzaldi bat eskainiko dute Uhagon kulturgunean.