Martxel Andrinua Lariz, Jose Maria Rementeria Ibarluzea, Txomin Solabarrieta Etxaburu eta Julen Urkiza Txakartegi dira ohorezko euskaltzain berriak.
Hamasei ohorezko euskaltzain berri izendatu ditu Euskaltzaindiak. 5 emakumezko eta 11 gizonezko dira; bost bizkaitar, sei gipuzkoar, bi lapurtar eta baxenabartar, arabar eta nafar banak osatzen dute zerrenda.
Askotariko jatorriko zein lanbideetako pertsonak daude; hezkuntza, filosofia, soziolinguistika, bertsolaritza, literaturgintza, kazetaritza, kantagintza edota itzulpengintza arloan ari diren edo aritu izan diren pertsonak izendatu dituzte.
Jakitera eman dutenez,
apirilean Bilbon egin zuten
osoko bilkuran izendatu zituen Euskaltzaindiak. Bere arautegiaren arabera, Euskaltzaindiak aldiro-aldiro izendatzen ditu ohorezko euskaltzainak. Beti ere, “euskarari egindako mesede bikainengandik” nabarmendu diren pertsonen artean hautatzen dituzte.
Goian aipatu lau pertsonekin batera, honako hauek osatu dute ohorezko euskaltzain berrien zerrenda: Abel Muniategi Elortza, Miren Jone Azurza Aristegieta, Arantxa Urretabizkaia Bejarano, Auxtin Zamora Durruty, Henri Duhau, Izaskun Gastesi Zubeldia, Jose Antonio Aduriz Zabala, Pello Zabala Bengoetxea, Sabin Salaberri Urzelai, Manex Pagola, Mari Jos Azurmendi Aierbe eta Txaro Arteaga Ansa.
Ezkerretik eskumara, Solabarrieta, Urkiza, Rementeria eta Andrinua. Argazkiak: Euskaltzaindia.
Aurreko euskaltzainen azken izendapena 2014ko maiatzaren 30eko Donostiako osoko bilkuran egin zuten.
Oraingo honetako hamaseikoagaz, 49 gizon emakumek osatzen dute ohorezko euskaltzainen zerrenda.
OHOREZKO EUSKALTZAINAK:
- Martxel Andrinua Lariz (Ziortza-Bolibar, 1930). 1961etik euskaltzain urgazlea. Bertsolaritza lotua; Bizkaiko eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketetako epaile ohia. Bilboko Elizbarrutiaren Bizian Gora elkarteko kontseilaria izan da. Aita Patxi (2000) eta Txikiak haundi (2004) liburuen egilea.
- Jose Maria?Rementeria Ibarluzea (Etxebarria, 1940). Katekesian eta Teologian diplomaduna. Euskal Elizbarruti arteko Katekesi eta Liturgia Batzordearen kidea da, eta elizen arteko Bibliaren itzultzaile taldean aritua. Bestean beste, honako lanak idatzi ditu: Aita Esteve Materreren Doctrina Christiana.1623 eta Bizkaierazko Dotrinak.
- Txomin Solabarrieta Etxaburu (Ondarroa, 1930). Bizkaiko elizbarrutiko itzultzaile ofiziala, 1982tik 2018ra. Hiztegigintzan ADOREZ kultur taldeko kide, sorreratik. Apaiz egin ondoren, lanean egon zen Bizkaiko hainbat parrokietan, euskarazko alfabetatze-euskalduntze eskolak ematen, eta dantza taldeak sortzen eta euskal antzerkia bultzatzen. Itsas munduko lexikoa taxutzen, sinonimoak aukeratzen nahiz egokitzen eta batez ere Aditz Hiztegia-rako milaka esaldi prestatzen aritu da.
- Julen Urkiza Txakartegi (Ondarroa, 1944). Ikertzailea eta euskararen sustatzailea. Karmel aldizkaria zuzendu du azken 35 urteotan; 145 idazlan baino gehiago idatzi ditu bertarako. Olerki, Ondarroa, Arranondo, Egan, Hegats, Jakin eta Euskeran aldizkarietan ere parte hartu du. Ikerketa lanak burutu ditu, besteak beste, aldizkari eta egunkarietako euskal bertso eta olerkien bibliografia eta Frai Bartolome Santa Teresa idazlearen edizio edizio kritikoa, Luis Baraiazarra ohorezko euskaltzainarekin batera.