Denboraldi bikaina eginda, Ohorezko mailara igotzea lortu dute Lekeitio Futbol Taldeko kadeteek eta nagusiek.
Kadeteek lehen postuan amaitu dute denboraldia, nagusiei, berriz, bi partidu jokatzea falta zaie; hala ere, joan den domekan erabakita utzi zuten igoera. Union Sport taldeari 0-2 irabazita, lortutako hiru puntuekin goragoko mailarako txartela ziurtatu dute.
Urtebete Lehentasunezko mailan eginda itzuli dira Ohorezkora Lekeitioko nagusiak.
Iban Andonegi eta
Unai Rementeriaren golek bermatu zuten
Mikel Badiola ondarrutarraren gidaritzapean aritu den taldearen jomuga.
Nagusiek Larrotegin jokatzen dutela eta, datorren
zapatuan [maiatzak 19] ospatuko dituzte igoera biak lekeitiarrek. Lehenengo ohorezko pasilloa egingo diete kadeteei Lekeitioko nagusiek Zaldua A-ren kontra 17:00etan jokatuko duten partiduan, eta ostean, herritarrekin batera ospatuko dute lorpena, herrian zehar kamioira igonda emango duten biran.
Lekeitio Futbol Taldeko nagusiak. Argazkia: Lekeitio FT
Taldea «pozik» dago. Benjamin mailatik hasita
15 talde ditu Lekeitiok nagusien mailara arte, guztira 258 jokalari, eta orokorrean. urterik-eta onenetakoa izan dela azpimarratu du Eli Mendieta Lekeitio Futbol Taldeko lehendakariak. «Taldeek orokorrean maila ona erakutsi dute. Eta nagusiak eta kadeteak maila handian jokatzen ibili dira».
Proiektuagaz bat. Mikel Badiola eta kadeteen taldea entrenatu duen
Xabi Erkiaga lekeitiarraren
lana goraipatu du Eli Mendietak. Entrenatzaile modura lan bikaina egiteagaz gainera, Lekeitioko klubaren filosofia eta proiektuagaz bat egin dutela aitatu du. «Taldeek kohesio eta kalitate handia erakutsi dute bai kirol mailan zein maila pertsonalean». Izan ere,
klubaren filosofia bide horretatik doala azaldu du. «Segurtasun eta osasun mailari garrantzia ematen diogu, eta jokalariak baloreetan heztea ezinbestekoa dela deritzogu». Horretarako, formakuntza saioak antolatu ditu taldeak, gai ezberdinei lotutakoak: psikologia, heziketa…
Lekeitio Futbol Taldeko kadeteak. Argazkia: Lekeitio FT
Kirola eskubide bat bezala ulertzen dute, pertsona modura ere laguntzen duelako, eta, beraz, «kirol gabeko umerik ez egotea» dute filosofia. Horrela, ume eta gazteei kirola egiteko aukera emateagaz gainera, taldeak lan sozial bat ere egiten duela gaineratu du Mendietak. «Talde lana, ahalegina, baloreak, lehiakortasuna eta inklusioa ere lantzen ditugu».
Lekeition kirol maila handia badago ere, azpiegituretan gabeziak aurkitzen dituzte. “Futbol zelaia oso txikia da”
Taldeko entrenatzaileek
ume bakoitzaren eta taldearen hobekuntza dutela helburu ere nabarmendu du. «Pentsarazten jartzen dituzte, eta aniztasuna eta parekotasuna erabiltzen dituzte».
Lekeition
kirol maila handia badago ere,
azpiegituretan gabeziak aurkitzen dituzte. «Futbol zelaia oso txikia da». Hori dela eta, proposamen ezberdinak egin dizkiote Lekeitioko Udalari zelaiaren premiari irtenbide ezberdinak aurkitzeko. «Berdeguneak neurri txikiegia dauka jokoa ikusi ahal izateko eta lesiorik ez egoteko».
Lekeitio Futbol Taldeko lehendakariak jakitera eman duenez, udalak proiektu bat egingo duela agindu dio, eta hori gauzatzea izango du taldeak hurrengo egitasmo garrantzitzuena.
Lekeitio Futbol Taldeko nagusiak. Argazkia: Lekeitio FT
Kirol arloari lotuta, bestalde, txikien mailetan
neskek mutilekin jokatzeko aukera badaukaten arren, kadete mailatik aurrerako nesken talde bat ateratzea dutela erronka azaldu du Mendietak. «Gure taldean ditugun neskei futbola asko gustatzen zaie, nortasun handia daukate, eta kalitate handiko jokalariak dira, eta, beraz, talde bat osatu ahal izatea garrantzitsua izango litzateke eurentzat».
Azkenik, Lekeitioko jokalari, entrenatzaile, zuzendaritza batzordeko kide eta denboraldi honetan taldeagaz bat egin eta laguntzeko prest egon diren guraso
guztiei eskerrak eman eta zoriondu nahi izan ditu Lekeitio FTko lehendakariak, «taldeari laguntzeko ahal izan duten guztia egin dutelako.
Aurrera Kirol Elkarteak ere zoriondu du Lekeitio Futbol Taldea Ohorezko mailara igo izanagatik, bereziki nagusien entrenatzaile den eta Aurrerako kapitain eta jokalari izandako Mikel Badiola. Ondarroako taldeak aurreratu duen modura, datorren urtean eskualdeko derbiaz gozatu ahal izango dute futbol zaleek lehen aldiz, bai Zaldupen bai eta Larrotegin ere.