50. urteurreneko ekitaldien artean bi ekintza prestatu ditu Ondarroako Zubi Zahar herri ikastolak. Alde batetik, korrikalarien eta txirrindularien arteko desafioa egingo da, eta, bestetik, kintaden arteko ginkana prestatu dituzte, biak ere
maiatzaren 26rako.
Desafioari dagokionez, Nagore Elu eta Iosu Zenarrutzabeitiaren aurka neurtuko dituzte indarrak Eñaut Lertxundi eta Dunixe Burgoa korrikalariek, 13:00etan. Egitekoa honakoa izango da: Alamedatik hasi -eta
Antiguara zein ailegatu arinago. Desafioa egingo dutenek aurreratu dutenez, denak batera egin ordez, binaka (aringalari eta txirrindulari bat) egingo dute egitekoa. “Antiguarako bidea oso estua da, bestelakoan elkarri oztopatuko diogu”.
Bi bikoteek erronka polita egiteko aukera dute, eta desafioaren antolatzaileek horren jakitun,
apustuak egiteko aukera zabaldu dute. Zein bikotek irabaziko duen apustu egiteko aukera egongo da, euro baten truke. Era berean, bikote bakoitzak zenbateko aldeagaz irabaziko duen ere asmatu beharko da. “Herritarrak hasita daude apostuak egiten”, adierazi dute antolatzaileek.
15 urtetik gorako zortzi lagunez osaturiko taldeek eman dezakete izena ginkanan
Apustuak Anaitasuna, Badis, Gaztedi, Kulixka, Lagun Artea eta Sutargi tabernetan egin daitezke. Saridunak Cantabricon bi lagunentzako afaria irabazi ahal izango du. Antolatzaileek aurreratu dutenez, posturetan berdinketa ematen bada, zozketa egingo dute igartzen dutenen artean.
“Kirol proba dibertigarria”. 16:00etan, ostera, kintaden arteko ginkana egingo da, herrian zehar. Gogorarazi dutenez, 15 urtetik gorako zortzi lagunez osaturiko taldeek eman dezakate izena ginkanan. “Kintadak batzeko era polita dela iruditzen zaigu. Gure ustez kirol proba dibertigarria izan daiteke, ea jendea animatzen den”. Izena emateko azken eguna maiatzaren 24a da, eta honako tokietan eman daiteke izena: Anaitasuna, Badis, Gaztedi, Kulixka, Lagun Artea eta Sutargi tabernetan.
Ginkanan parte hartzen duten talde mistoek 20 segundoko abantaila izango dutela jakitera eman dute antolatzaileek
Ginkana egitera ausartzen diren taldeek
zortzi proba bete beharko dituzte. Urrosolo aurretik Plazagainera aletak soinean korrika egin beharko dute, zaku lasterketan Plazagain osoa zeharkatu beharko dute Zubi Barrira arte. Zubi Barrian hasita, berriz, mikropatinean joan beharko dute Astilleruko arlanpa arte, eta handik Kafeatze pasealekura arte igerian egin. Gero, Kalatraba zubi pareraino padelean joan beharko dira, eta handik hondartzako muturrera joan-etorria eta Itsasaurreraino korrikan egin beharko dute. Itsasaurren, berriz, punteria proba egin beharko dute. Ginkana amaitzeko, sokatiran egingo dute Itsasaurren. Adierazi dutenez, aletak eta mikropatinak norberak ekarri beharko ditu. “Beste material guztia guk ipiniko dugu”.
Antolatzaileek gaineratu dutenez, talde mistoek denbora saria izango dute. Neska eta mutilez osaturiko taldeek 20 segundoko abantaila izango dute, eta herriko ikastetxeetako ikasleak nahastuta dituzten taldeek beste horrenbesteko abaintaila lortuko dute.