Kantauriar kostaldeko arrantzaleek egunero antxoa gutxiago harrapatzea adostu dute, kuota arinegi ez agortzeko. Eta arrainaren prezioa ez amiltzeko, gainera, arrantza egunak
bostetik laura murriztea adostu dute. Asteon jarri dute martxan neurria.
Aurtengoan, egia esan, espero baino lehen hartu dute harrapaketak mugatzeko erabakia. Guztira, 29.700 tonako kupoa daukate Kantauriar itsasoko ontziek, eta martxoaren 1ean arrantzualdia ireki zutenetik
15.000 tona arrantzatu dituzte Kantauri uretako 140 bat ontzik, horietatik ia 9.000 tona Bizkaiko eta Gipuzkoako portuetan saldu dira. Ondarroako kofradian lehorreratu dituzte antxoa kopuru gehien, kanpaina hasieratik 5.500 tona inguru.
Eta harrapaketak doazen erritmoan, aste gutxian kuota agortuko denaren beldur, euren buruari muga jarri diote Bizkaiko, Gipuzkoako, Kantabriako, Asturiako eta Galiziako arrantzaleek, kostera
ekainaren amaiera arte luzatu ahal izateko.
Arrantzaleak antxoa eskuetan, Ondarroan
Kuota aldez aurretik ez dutenez amaitu nahi, eta barikuetan portuetan bandera jartzea erabaki dute. Ondarroan, zehazki,
aurreko astean jarri zuten bandera, eta beste deialdirik egon ezean, neurriak indarrean jarraituko dutela azaldu dute Kalare Deuna kofradiako arduradunek.
Kantauriar kostaldeko kofradia guztien artean eguneroko antxoa harrapaketa kopuruari muga jartzea erabaki dute
Antxoa sasoia ahal bezainbeste luzatzeaz gain, lonjetako salmentetan
gutxieneko prezio bat ordainduko dela ere bermatu nahi dute. Antxoa kopuru handia ari denez saltzen, gainera, antxoaren prezioa nahikoa amildu da bentan, eta hori saihesteko ez dute harrapatuko kiloa 2,45 eurotik behera balio duen antxoarik. Modu horretara itsasontziak tamaina handiko antxoa arrantzatzera bultzatuko dituzte, Matxitxako lurmuturretik ekialderantz ere ezingo da arrantzatu, antxoa ale txikienak ez harrapatzeko, oraingoz.
Kantauriar kostaldeko kofradia guztien artean, ostera, eguneroko antxoa harrapaketa kopuruari muga jartzea erabaki dute. Eguneko
2 tona gutxiago arrantzatu ahal izango dituzte ontziek. Inguraketa arrantzontzi handiek –dozena bat arrantzaletik gora dutenek–, gehienez, 8 tona antxoa harrapatu ahal izango dituzte, eta gainontzeko arrantzontziek, bestalde, 6 tona, asko jota.
Ondarroan, bestalde, nahikoa antxoa lehorreratu dute asteon. Gaur [maiatzak 17], esaterako, ontzi ugari antxoa deskargatzen ari ziren goizeko lehen ordurako. Kofradia aurrea antxoa kaxez bete da, eta antxoa zenbaketa egiteko ere, ilara handiak egon dira.
Tamaina aldetik, gainera, arrain handiagoa harrapatu dute asteona. Gehiena kiloa 40-50 alekoa izan bada ere, tartean, arrain handiagoa ere saldu da bentan. Alerik handienak kiloan 26koak izan dira, eta kiloa 8,80 euroan saldu da. Alerik txikienak, bestalde, kiloa 1,50 euro inguruan saldu da.