Berdintasun Zerbitzua jartzeko eskatu diote udalari ELAk eta LABek
Zerbitzua erronkaren neurrikoa den aurrekontuagaz eta baliabideekin ezartzea eskatu dute. Udalaren aurreikuspen «ez eraginkorra» salatu duteGernika-Lumoko Udaleko ELA eta LAB sindikatuek salatu dute 2017ko uztailaz geroztik herrian ez dagoela Berdint...
Zerbitzua erronkaren neurrikoa den aurrekontuagaz eta baliabideekin ezartzea eskatu dute. Udalaren aurreikuspen «ez eraginkorra» salatu dute
Gernika-Lumoko Udaleko ELA eta LAB sindikatuek salatu dute 2017ko uztailaz geroztik herrian ez dagoela Berdintasunerako Zerbitzurik. Horren aurrean, Gernika-Lumoko Udalari eskatu diote kontratazio zuzen bidezko zerbitzu publiko bat martxan jartzea, erronkaren neurrikoa den aurrekontu eta baliabideekin.Sindikatuek errespetu faltatzat jo dute halako zerbitzurik ez edukitzea: «2017ko uztaila baino lehen hainbeste lan egin zuten langileekiko eta zerbitzu hori erabiltzen zuten herritarrekiko errespetu falta da. Herri osoarekiko errespetu falta, beraz». Horren harira esan dute herritarrek hainbat kezka agertu dituztela eta udalari egoera konpontzeko exijitu diotela.
Udalerriko ikastetxe guztiek ere Berdintasunerako Zerbitzua martxan jartzeko premia adierazi zioten udalari gutun baten bidez, eta kezka horri erantzunik ez ematea salatu dute.
Berdintasun Zerbitzua martxan jartzekoak direla dioten zurrumurruak entzun dituztela esan dute sindikatuek, baina gehitu dute ez dakitela noiz eta zein aurrekontugaz egiteko asmoa daukaten. Izan ere, udalak ez du horri buruzko informaziorik eman.
Horregatik, «beharrezkoa» den Berdintasunerako Zerbitzua ezartzeko agintarien «interesa» zalantzan jarri dute: «Berdintasunaren ideia potoloagaz ahoa bete zuten agintariek interesik ba al dute emakumeok bizi ditugun egoeren aurrean? Azken bi asteetan Euskal Herrian lau emakume erail dituztela ba al dakite?»
Alea jartzeko prest
Udalaren aurreikuspen eta kudeaketa «ez eraginkorra» salatu dute, udalari «utzikeria» leporatuz. Horrenbestez, ELA eta LABek «beste eredu baten alde lan egiteko prest» daudela adierazi dute: «Gure udalak herritarrei eman beharreko kalitatezko zerbitzu publikoen alde lan egiteko prest gaude; batera».
Sindikatuek adierazi modura, «Gernika-Lumon berdintasunaren alde egindako mobilizazio historikoek gauzak aldatzeko nahia dagoela argi erakutsi dute».
Horregatik, Berdintasun zerbitzuaren alde beraien «alea» jarriko dutela adierazi dute, «bidea posible egiteko».
Hauteskunde garaia iristen ari dela ikusirik, «gai horri buruzko erabilpen politikorik ez egitea» eskatu diote udalari.