Namunoko proiektua aurrera eramateko konpromisoagaz jarraituko du Mundu Zabal Hirugarren Munduarentzako Elkarteak 2018 eta 2019an ere. Bi urte horietan 36.000 euroko laguntza ematea adostu du elkarteak. Iaz, 45.000 euroko diru laguntza eman zituen Markina-Xemeingo elkarteak Mozambikeko
hiru proiektu laguntzeko, eta orain arteko lanagaz jarraitzeko borondatea erakutsi dute, premiadun gehiagorengana heltzeko asmoz.
Alde batetik, Mundukide Fundazioak
Nekazaritik nekazarira metodologia erabilita Namuno barrutian bultzatzen duen nekazaritzako garapen programara 14.000 euro bideratu zituzten iaz, horrez gain, Majune eta Marrupa barrutietan indabaren eta batataren laborantzarako proiektua 16.000 eurogaz lagundu zuten, eta azkenik, emakumeen partaidetzari bultzada emateko Majune barrutiko garapen sozioekonomikoa bilatzen duen programa lagundu zuten 15.000 eurogaz.
Mundu Zabalek Karmeldarren erakusketa aretoan zabaltzen duen denda solidarioa.
Mozambikeko proiektuak laguntzeagaz gainera, Saharako errefuxiatuei babesteko arropa ere bidali zien elkarteak. “Esker ona jaso ondoren, momentu honetan botiken premiak lehentasuna duela azaleratu dute”.
Ekintzak. Laguntza horiek guztiak eman ahal izateko hainbat ekintza gauzatu zituen Mundu Zabalek. Urtero modura denda solidarioa jarri zuten martxan azaroan eta abenduan, bigarren eskuko materialagaz eta berriagaz. Prezio merkeak jarrita asko saldu zutela jakitera eman du elkarteak; denetara,
5.365 euro lortu zituzten.
Urriko Azoka Nagusian ere postua jarri zuen erakundeak Baraibarko taldearen laguntzagaz, eta emaitza ona eduki zutela adierazi dute. Bide horretatik
4.000 euro lortu zituzten. “Gure lanaren emaitza ikusirik, Baraibarkoek arropa eta tresneria eskatu digute denda solidario bat martxan jartzeko”, azaldu dute.
Bestalde, bazkideen, norbanakoen eta zenbait erakunderen diru laguntzak ere izaten dituzte. Emarien bidez
12.565 euro lortu dituzte proiektuak sustatzeko, eta ezinbesteko laguntza hori eskertu du elkarteak. “Parte hartzen duzuen guztiok harro sentitu ahal zarete. Zailtasunak eduki arren, Mundu Zabalek bere lanagaz aurrera jarraituko du, premia dutenengana ailegatu eta aberastasunaren banaketa bidezkoagoa lortzera bideratuta dauden programak garatzen laguntzeko”.
Aita Karmeldarrei ere eskerrak eman nahi izan dizkiete “beti bezala denda solidariorako euren lokala utzi digutelako”, bai eta gauzak biltzeko lokalak utzi dizkieten guztiei ere.
Beste alde batetik,
Zuzendaritza batzordea berritzeko egindako bozketaren arabera kideak hurrengoak izango direla jakitera eman du elkarteak: lehendakaria Jabier Garcia Iriondo, lehendakari ordea Nerea Totorikaguena Zelaia, idazkaria Liborio Ugarte Mugerza, diruzaina Maite Garcia Iriondo eta kideak Inmaculada Maiztegi eta Fatima Barruetabeña Aulestiarte.
2000 urtetik 41 proiektu lagundu ditu Mundu Zabalek.