Dispertsio politika amaitzeko eskatuko du Sarek ekainaren 15ean
Manifestazioa egingo dute 19:30ean, Merkuriotik hasita. Presoen senideek egiten dituzten bidaietako maletak «hustea» eta presoak «hemen eta orain» egotea eskatuko duteSare Gernika-Lumok ekainaren 15ean manifestazioa egingo du dispertsio politika am...
Manifestazioa egingo dute 19:30ean, Merkuriotik hasita. Presoen senideek egiten dituzten bidaietako maletak «hustea» eta presoak «hemen eta orain» egotea eskatuko dute
Sare Gernika-Lumok ekainaren 15ean manifestazioa egingo du dispertsio politika amaitzeko eskatuz, 19:30ean Merkuriotik hasita. Maletak hustu, etorkizuna puztu lelopean burutuko dute mobilizazioa.Sareko kideek agerraldia egin zuten bariku arratsaldean, eta ia 30 urtez mantentzen den dispertsio politikak euskal preso eta haien senideen giza eskubideak sistematikoki urratu dituela gogorarazi zuten. Horregatik, «sufrimenduari ateak itxi eta konponbideari leihoak zabaldu nahi dizkion gehiengo soziala dagoelako» salbuespen politikoagaz amaitu beharra dagoela adierazi zuten.
Presoen senideek egin beharreko bidaiak salatu zituzten agerraldian: «Maleta. Bidairako ezinbesteko osagarria. Ilusioak eta esperantzak sartzeko euskarria. Maleta horiek baino ez lirateke bete beharko, baina ez da beti horrela izaten. Kilometro ugari soinean dituzten zenbaitzuenak presente daude gure bizitzetan oraindik. Bidaia luzeak egindakoak guztiak, urte luzez. Eta maleta horiek hustu nahi ditugu. Betirako. Beti prestu kartzelako bidaietarako maletarik eduki ez dezan inork. Behartutako bide gehiagorik egin ez dezan inork inoiz».
Etorkizunera begira
Lurraldeko eguneroko bizitza politika normalizatzeko «etenik gabeko lanak» beharrezkoak direla esan zuten Sareko kideek, norbanako eta eragile anitz asko horretarako lanean daudela gogoratuz. «Jendarte zibilaren parte hartze aktiboa funtsezkoa da; Ipar Euskal Herrira begiratzea besterik ez dago», adierazi zuten.
Gainera, «pentsaera anitzak oinarrizko osagai komunetan ados jartzea eta lanketa pedagogikoa egitea» bakegintzarako pauso garrantzitsuak direla gehitu zuten; pentsaezina zena egia bihurtzeko, hain zuzen.
Espainiako gobernuaren «borondate eza» ere azpimarratu zuten, konponbide prozesu batean ekarpen positiboak egiten ez dituelako. Bestalde, euskal jendarteari erreparatuz, bake agertokiaren eraikuntzan pauso sendoak emateko indar anitzak sentitzen direla esan zuten Sareko kideek.
Euskal preso eta iheslari politikoek eta haien senide eta gertukoek «egin beharreko maletak egiteari uztea» beharrezkotzat jo zuten, eta «maletak hustu» behar direla gehitu zuten.