Iazko udan lehen aldiz, Lekeitioko Udalak portua
zirkulazioari itxi, eta asteguneko arratsaldeetan eta asteburuetan egun osoan portua oinezkoentzako gune bihurtu zuen.
Uda osoan egon zen ekimena martxan, eta aurreikusitako epea luzatu ere egin zuten. Izan ere, ekainaren 28tik irailaren 10era arte irautea erabaki zuen udalak hasieran, baina eduki zuen harrera ona ikusita, urriaren 1era arte mantendu zuten itxita.
“Ekimenak arrakasta izan zuen herritarren artean, oinezkoek herriko gune ikusgarri hau irabazi dutelako baina bestalde goizetan kaian lanean aritu zirenak ere pozik agertu ziren, zereginak lasaiago egin ahal izan zituztela adierazi baitzuten”, adierazi du udalak. Hori dela eta, aurten ere indarrean jarriko dute ekimena, baina epealdiak ez du etenik edukiko. “2018ko ekainaren 1etik aurrera sartuko da ekimena berriz indarrean baina
urte guztira zabalduko da”, azaldu dute.
Horrela, 2018ko ekainaren 1etik aurrera itsasertzeko aldean (Marina tabernatik komandantzia parera arte) ezin izango da aparkatu, debekatuta egongo da
14:30etik hurrengo goizeko 8:00ak arte gune horretan aparkatzea. Jai egunetan, berriz, egun osora zabalduko da aparkatzeko debekua. Astegun goizeetan, zirkulazio eta zama lanetarako egongo da zabalik.
“Herrian daukagun lekurik ederrenetako bat oinezkoentzako eskuratu da. Nahiz eta aspaldiko helburuetako bat izan, orain arte ez da neurririk hartu”. Gogora ekarri dutenez, 2016an egindako Pasaia Planaren parte hartze prozesuan aldarrikatzen zen ekimen hori.