Inoiz plazaratu gabeko zaldien erakustaldia hartuko du Ziortza-Bolibarko plazak
Beste urte batez, ikuskizun polita ziurtatuta egongo da. Zapatuan [maiatzak 26] 19:00etan hasiko da erakustaldia. Ranbo, Defi eta Malon de Lauzirika izango dira eguneko protagonistak. Aulestiko Aitor Alzaaren zaldia da Defi, Malon de Lauzirika, berriz, Ondarroako Iñaki Harategikoa da, eta hirugarren zaldia gipuzkoatik helduko da, Zumaiako Talaia Jatetxekoa baita Ranbo.
Kinttopeko zaldi proben baldintzekin eta Munitibarko premio harriagaz egingo dute ikuskizuna. Musikarik ez da faltako; Litxurdixo eta Laja trikitilariekin giroa alaia ziurtatuta egongo da Simon Bolivar plazan. Gainera, aurten zaldiena ez da eguneko erakustaldi bakarra izango. Izan ere, eguerdian hasita, Stihl-eko talde bat egurrezko irudiak egiten ariko da.
Hiru parte hartzaileek saria ziurtatuta izango dute. Hiru zaldietan onena denaren jabeak 500 euro, garaikur berezia eta ardo botila bat irabaziko ditu. Bigarren geratzen denarenak 450 euro eta ardo botila jasoko ditu, eta hirugarrenarenak 400 euro eta ardo botila.