Hamalau ontzik parte hartuko dute Euskadiko Trainerilla Txapelketan
Bihar eta etzi jokatuko da Mutrikuko uretan; maila bakoitzeko lau onenek lehiatuko dute finala. Ondarroan, berriz, Antiguako Ama traineru estropada jokatuko da bihar, 11:30etik aurreraArraunketako Euskal Federakundeak antolatuta eta Kirol Zuzendaritzar...
Bihar eta etzi jokatuko da Mutrikuko uretan; maila bakoitzeko lau onenek lehiatuko dute finala. Ondarroan, berriz, Antiguako Ama traineru estropada jokatuko da bihar, 11:30etik aurrera
Arraunketako Euskal Federakundeak antolatuta eta Kirol Zuzendaritzaren, Mutrikuko Udalaren eta Mutriku Arraun Taldearen laguntzarekin, Euskadiko Trainerilla Txapelketa jokatuko da Mutrikun bihar eta etzi.Hamalau ontzik parte hartuko lehian. Emakumezko absolutu mailan hiru ontzi ariko dira nor baino nor: Pasai Donibane Koxtape, Orio eta Donostia. Gizonezko gazte mailan, berriz, zazpi izango dira parte hartuko duten trainerillak: Bermeo, Deustu, Zierbena, Elantxobe, Getaria, Zarautz eta Zumaiako Telmo Deun. Azkenik, gizonezko nagusi mailan lau izango dira parte hartzaileak: Bermeo, Zierbena, Itsasoko Ama eta Orio.
Bihar kanporaketak jokatuko dira 16:30ean hasita, eta etzi, aldiz, kontsolazio txandak eta finalak jokatuko dira 11:00etatik aurrera. Maila bakoitzeko lehen lau denbora onenek jokatuko dute Euskadiko Txapelketa, eta jarraian sailkatzen diren beste lau trainerillek kontsolazio txanda jokatuko dute.
31 traineru
Ondarroa Arraun Elkarteak antolatuta, ostera, Antiguako Ama traineru estropada jokatuko da bihar zazpigarrengoz Ondarroako badian. 11:30ean hasiko da norgehiagoka, eta bertan 31 traineruk zazpi emakumezkoenak eta 24 gizonezkoenak parte hartuko dute.
Arraun elkarteko kideek test estropadari buruzko zehaztapenak eman dituzte. Estropada erlojuz kontrako eran jokatuko dela adierazi dute, banaka, lau luze eta hiru ziabogatara, hain zuzen. «Norabidea ohikoa baino iparralderago zuzenduta izango da. Maila bakoitzeko irabazleari dagokion bandera uretan emango da, maila bakoitzeko estropada bukatu ostean».
Traineruak portuan uretarako dira, eta lau txandatan banaturik jokatuko dute erlojupeko proba; minutu bateko aldeagaz joango dira ateratzen. Uretaratzen lehenak neskak izango dira, eta haietatik ateratzen lehenengoak Mundakako arraunlariak izango dira. Eurekin batera ariko dira lehian Ondarroa Arraun Elkarteko eta Isuntzako neskek osatutako Lea-Artibai, Hondarribia, Deustu, Arraun lagunak, Orio eta Pasai Donibane.
Hurrengo hiru txandetan mutilak egongo dira uretan; txanda bakoitzean zortzi traineruk parte hartuko dute. Lehen txandan Lutxana, Getxo, Mundaka, Elantxobe, Donostiarra B, Orio B, Hondarribia eta Portugaletek parte hartuko dute. Bigarrenean, Pasai Donibane B, Lapurdi, Arkote, Zarautz, Deustu, Getaria, Zumaia eta Isuntzak. Eta, azkenik, Donostiarra, Santurtzi, San Pedro, Pasai Donibane, Kaiku, Orio, Bermeo eta Ondarroak.