Barruan zeukana ateratzeko gogoa bazeukan Pablo Fdez. Arrieta musikari eta konpositoreak, baina azken diskoa kaleratu zuenetik beste zeregin batzuetan murgilduta ibili da, eta azken bultzada falta zitzaion berriz konposatzeari ekiteko. «Bizitzaren opari batek» jarri du berriz martxan.
Batzen gaituena izeneko proiektua aurkeztuko duzu Uhagonen, zer nolakoa da?
Proiektu markinar-markinarra izango da. Esate baterako, Felix Ansola eta Julian Ansola musikari markinarren omenezko ipuin bat eramango du diskoak, Zyryab-en bila izenekoa. Felix Ansola eta Julian Ansola oso lagun onak izan ziren, Julianek umetan musikaria izan behar nintzela esaten zidan, konpositorea. Nire lehen konposizioa 18 urtegaz egin nuen, oso gazte, eta zortziko bat izan zen. Markina-Xemeinera etorri nintzenean Felix Ansolari eman nion, eta urte batzuen ondoren, Markina-Xemeinera itzuli nintzenean nire zortzikoari zati bat gehitu eta elizan jo zutela esan zidan. Niretzako poz handia izan zen hori. Orain dela urte batzuk konposizioen lehiaketa bat egon zen txisturako eta
Zyryab-en bila izeneko konposizioa idatzi nuen. Material hartako zati bat eraldatu eta diskorako erabili dut. Bestalde, disko hau nire alfabetatze prozesuagaz ere lotuta dago. Denbora luzez diskoari utopia izena jartzeko asmotan ibili naiz. Euskaldun berria naiz, eta alfabetatze bide horretan,
Moroak gara behelaino artean? Joseba Sarrionandia idazle bizkaitarrak idatzitako saiakera liburua irakurri nuen. Liburu horrek barrena eragin zidan. Utopiari buruz hitz egiten du pasarte batean, eta diskoari izen hori jartzea pentsatu nuen. Diskoan agertuko da Sarrionaindiaren testu hori ere. Disko instrumentala da, baina oso euskalduna ere bai. Batzen gaituena proiektuaren irudiak eta azala Mikel Lertxundiren esku daude, eta Lertxundik beti dauka ikutu euskalduna.
Diseinu grafikoa Mikel Lertxundi artista ezagunak egingo du, beraz. Zein da zuen arteko lotura?
18 urtegaz ezagutu nuen eta beti indar handia eman dit musikaria izateko. Nire aita hil zenetik Mikel Lertxundi lagun bat baino gehiago izan da. Gaztetatik eredu bat izan da niretzat, artista bat, erreferente bat. Laugarren disko hau Zen kutsukoa izatea nahi nuen, eta Lertxundiren lana hori irudikatzeko aproposa dela uste dut. Diskoak Uhagoneko logoa ere eramango du. Aintzanek, Terek eta Angelek aurkeztu izan dizkiedan proiektu guztiak eskuzabalik onartu dizkidate, nahiz eta batzuetan ezohikoak izan. Beti begi onez hartu naute, eta beraz, Uhagonek garrantzi handia dauka niretzat. Hori dela eta, disko honetan Uhagoneko zigilua egongo da, eskaini didaten babesa eskertzeko.
Zelan sortu zen proiektu hau?
Aspalditik neukan barruan neramana ateratzeko gogoa, baina ez nuen momentua aurkitzen. Orain dela urte bete Eusko Jaurlaritzak diru-laguntzak emateko atera zuen deialdira aurkeztu nintzen. Maiatzean aurkeztu eta urrian eman zidaten erantzuna; bizitzako opari bat izan zen. Momentu horretan hasi nintzen martxan. Lertxundiri deitu eta aurten bai, esan nion. Eskolak ematen ditudanez, denbora libre askorik ez dut eduki, ahal dudanean ibili naiz lanean proiektu honetan. Ez dut moztu izan nahi aurretik neukan konpromisorik, eta beraz, asteburuetan kolpe diot konposaketari. Nire ametsa, beste musikari askorena bezala, bi edo hiru egun eskolak ematea izango litzateke asteko beste bi egun konposaketak egiten jardun ahal izateko.
Kanta berriak dira denak?
Orain dela urte askotatik hainbat koaderno beteta ditut zirriborroekin. Ideiak gordetzen ditut koadernoetan, baina abestia bera ez daukat. Gero dator prozesu hori, azken urtean egiten ibili naizena, ideia horietatik abestiak sortu. Prozesu neketsua izaten da nahi duzuna lortu arte.
Musikari eta konpositorea zara. Noiz eta nola hasi zinen?
Donostian jaio nintzen eta Madrilen bizi, baina amona eta aitona markinarrak ditut, eta asko egoten nintzen bertan. Madrilen egin nituen musikako lehen ikasketak. Aitagaz egiten nuen lan, baina musikaria izan nahi nuen, eta bide horren bila musika eskola batean hasi nintzen lanean. Diru apur bat aurreratu ondoren, jazz musikari izateko asmoz eta New Yorkeko mugimendua ezagutu nahirik bertara abiatu nintzen. Jendea ezagutu nuen, irakasle onak, eta beka bat ere lortu nuen. Horrela, Bostonetik Holandara joan zen ikasketekin jarraitzera. Holandatik Madrilera itzuli eta gero, Eskuela de Musika Creativan egon nintzen lanean. Baina konposatzaile modura trebatu nahi nuen, eta beka bat eskuratu eta New Yorkera itzuli nintzen Master bat egitera. Handik Brasilerako bidea hartu nuen eta hainbat artistekin lanean ibili ondoren Madrilera itzultzea erabaki nuen. 2011tik Markina-Xemeinen bizi naiz; orain hemen kokatuta nago. Markina-Xemeingo eta Zeanuriko Musika Eskoletan irakaslea naiz eta aurten Bilboko kontserbatorioan irakasten hasi naiz. Lana egiteko lasaitasuna daukat hemen. Jotzeko eta musikariekin egoteko ez da Madril bezalako hiria eta ez ditut horrenbeste kontzertu izaten, baina badakit orain idazten dudan musika askoz hobea dela. Musika ona idatzi eta igaro dudan hamar urtetako katarsia gainditu dut hemen.
Musikari askogaz lan egin duzu. Nortzuk dituzu lagun proiektu honetan?
Laukote bat gara. Marc Miralta bateria, Mario Rossy kontrabaxua, Abe Rabade pianoa eta ni. Laurok batera elkarregaz ez dugu sekula jo. Baxuagaz askotan jo dut binaka, eta besteekin ere bai. Baxuak eta bateriak garai batean Estatu Espainolean eskaera handia zeukaten. Oso onak ziren eta beraz nire proiekturako nahi nituen, eta aspalditik eurekin harreman oso ona daukadanez nire proiektura batzea lortu dut.
Disko berria noiz egongo da kalean?
Biharko kontzertuaren bidez aurrerapen bat eskainiko dugu, estudioan sartu aurretik markinarrak egin dugunari zelan erantzuten dioten jakiteko. Zer gustatzen zaien eta zer ez antzematea oso garrantzitsua da niretzat. Datorren astean, astelehena eta martitzena, estudiora joango gara grabatzera. Nire musikariak oso onak dira, konpromiso asko dauzkate, eta datak zehaztu behar izan ditut elkarregaz grabatu ahal izateko. Biharko kontzertuaren ondoren, domekan entseatzen egongo gara egun osoan, eta gero estudiora goaz. Oiartzunen grabatuko dugu; bi egun estudioan egin ondoren, Xabat Lertxundigaz grabatu nituen gauzak masterizatu eta Mikelen diseinuekin diskoen fabrikara joango naiz. Nire asmoa urrian edo azaroan diskoa kaleratzea da. Ez dakit diskoetxe bategaz lan egin edo autoekoizpena egingo dudan.